GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Igeldo Harria

Izeta II.a da Trinitateko plazan garaipena erdiesteko faborito nagusia

J.L. | DONOSTIA

Izeta II.a da etzi ilunabarrean, 19.30etik aurrera Donostiako Trinitate plazan jokatuko den Igeldo Harria lehiaketa irabazteko faborito nagusia. Ekinaldia, 19.30ean hasiko da.

Hala ere, lanean ez da aiarra bakarrik izango, txapela jantzi nahi baldin badu, beste aurkari mordo bat hartu beharko baititu mendean. Honako hauek izango dira Izeta II.arekin batera lanean arituko diren kirolariak: Izeta III.a, Elosukorta, Eizmendi, Lertxundi, Bertiz, Igoa eta Telleria II.a. Harri-jasotzaile bakoitzak bost minutuko txanda bakar bat izango du, 134 kiloko harri baldarrarekin lanean aritzeko.

Aizkora

Aizkoran, jaialdi handia aurreikusten da Sunbillan etzi iluntzerako, 19.00etatik aurrera Latasaren oroimenezko torneoa jokatuko baita. Bertan bi lehiaketa daude antolatuta. Alde batetik, helduena izango da, eta bestetik, berriz, gazteena.

Helduetan hiru bikote izango dira, eta honako hauek dira: Mindegia-Arrospide, Larretxea-Olasagasti eta Nazabal-Etxeberria. Bikote bakoitzak bost proba ezberdin egin beharko ditu, eta horietan azkarrena denak eramango du garaipena. Gazteetan, berriz, beste hiru arituko dira, eta honako hauek dira: Ohian Larretxea-Atutxa II.a, Erasun-Mugertza III.a eta Saralegi-Rekondo. Hauek ere lan ezberdinak egin beharko dituzte.

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan, Zarautzen izango da ekinaldia astelehenean, 20.00etan. Larretxea, Olasagasti eta Arria V.a neurtuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo