GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Lekeitioko erakusketak

Bidaia bana afrikara eta itsaso zabalera

«Jose Pablo: / eskatuiozu / irribarrea ilargiari, / suhartasuna itsasoari. / Ilargiak damaigu isiltasuna, / itsasoak musika / eta San Nikolaseko pinuek / berriz, bere usain / gozoaren laztana», idatzi dio Iñaki Larrañagak Jose Pablo Arriaga eskultore ibiltariari.

p006_f01.jpg

Maider IANTZI

Erakusketa berezia osatu du Jose Pablo Arriagak Lekeitioko irlan; hamabost eskultura jarri ditu Garraitz eta San Nikolas ere deitzen dioten uhartean. Eguerdiko ordu bata pasea da. Itsasoaren soinu lasaigarria aditzen da, eta ilargi irribarretsuaren ordez, eguzki beroa ari zaigu keinuka. Itsasbehera denez, oinez eta gehiegi busti gabe ailegatu ahal izan gara hondartzatik uhartera, eta masustaz, eguzkilorez, sasiz eta bertze hamaika landarez inguratutako bidexkatan barna abiatu gara gorantz. Udako musika entzuten da, hondartzako oihu eta barreena, haize gozoarena, urarena, kaioena. Hegazti hauen paradisua dirudi Garraitzek, margotuta daudelako zuhaitzak, enbor hautsiak, baita erretako iroko egurra erabiliz sortutako artelanak ere. Obren kolore beltzak eta kaioen arrasto zuriak bat egin dute.

«Therese...» izena paratu dio Arriagak erakusketari, Kongoko Kasai ibaian itsasontziz zihoalarik hil zen neskato baten omenez. Artisau familiako eskultore honek bidaiatzea maite du; lurralde ugaritan ibilia da gizakiaren eta naturaren arteko orekaren bila. 2000. urtean Londres-Paris-Lekeitio ibilbidea egin zuen piragua hartuta. 43 egunez aritu zen arraunean, bakarrik. 2004an, berriz, Afrikari buelta ematera abiatu zen «Markina» belaontzian. Esperientzia gehienak edo garrantzitsuenak eskulturetan bildu ditu, jendeari bidaia nolakoa izan zen adierazteko eta bizipenak partekatzeko. Horregatik aukeratu zuen Lekeitioko irla, nahiko basatia delako eta bidaia bat egitearen antzekoa delako bertara igotzea.

Afrikakoa hemendik ikusteko ispilua

Lan bakoitzak toki baten izena du: Euskal Herria, Mauritania, Senegal, Mali, Burkina Faso, Benin, Nigeria, Kamerun, Txad, Afrika Erdiko Errepublika, Kongoko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Zambia, Namibia eta Hegoafrika. Egileak azaldu duenez, oso desberdinak dira denak, eta bakoitzak bere kokalekua du. «Adibidez, `Afrika erdialdea' kobazulo bat babesten ari da eta nahiko agresiboa da, lantza batekin apuntatzen dabil. `Kongoko Errepublika Demokratikoa'k Therese umetxoa zelan hiltzen ari den erakusten du; amildegitik behera doa bere marka lagatzen, amak ezin du babestu», adierazi du. «Nik emozio horiek ezagutzen ditudanez, badakidanez non dauden kokatuta, askotan bertara joaten naizenean sentimenduak antzekoak izaten dira. Ispilu baten moduan da; zer gertatu zen Afrikan eta zelan ikusten dudan hemen», gaineratu du. Kontent dago horregatik, eta uhartearen perimetroan jarritako elementu horiek jendeari ere zerbait esatea gustatuko litzaioke.

Obraz obra, herrialdez herrialde, artistaren bizipenen eta sentsazioen berri jasotzen du irlako bisitariak. Erakusketaren katalogoan, Juanjo Elordik bere istorioa idatzi dio artelan bakoitzari. «Nigeria»k, adibidez, honako testua du: «Egun biko baimena dut, egun bi 900.000 kilometro koadroko herrialde hartan egoteko, ez dute nilakorik nahi hemen. Paper pusketa eskuetan badut ere, `paper gabekoekin' nago zain muga zeharkatzeko. Autobusik ez da etorri aste osoan, furgoneta batek sartuko gaitu Nigerian. Satorrak zulatuko ote du hesia! Mafiarena omen da zerbitzu hau. Polizia zain dugu mugan, denak atxilotu dituzte, batek baino ez du zeharkatu hesia, zirrikitua... paper pusketa eskuan daramanak».

Hala ere, San Nikolas bisitatzen duen lagun bakoitzak bere istorioa asmatzen du ibilbidean zehar, kaioek kantu desberdinak kantatzen dizkiote bati eta besteari, haizeak ere doinu bat du belarri bakoitzarentzat, itsasoak bezala. Benini dagokion eskulturari begiratu eta kale-argi bat ikusi dut nik, eta lurretik altxatzeko ahalegina, eta oreka, eta hodeiei begira egindako ametsak... Arriagaren sentipenak bestelakoak dira: «Zama guztia gainean; zama buru gainean darama neskato horrek, mutiko horrek, aitonak, ume horrek... zama astuna alde batetik bestera, etengabeko garraiobide isil eta bizia, luzea da bere itzala, zama astuna da Benin herriak darabilena».

Marinelen lana ezagutzeko aukera

Uhartetik hurbil, Lekeitioko portuan, beste erakusketa bat bisitatzeko aukera dago urria arte. «Ondarzabal Hondartza» itsasontziak 42 urte beteko ditu egunotan; 8 urte dira itsasora ateratzen ez dela, baina badirudi gaur bertan nabigatuko duela, han daudelako arrantzaleen argazki kutunenak, jakiak, mapak, liburuak eta lanerako tresna guztiak. Ontziaren goialdera igo gara, eta Idoia gidaria azalpenak ematen hasi zaigu. Gobernu espainolak metalezko txalupa berria egiteko diru-laguntzak eman, eta zahar honentzat hiru aukera proposatu dituela adierazi du neska gazteak: hondoratzea, txatarrerako geratzea ala museo bezala uztea.

Baxurako arrantzarako erabiltzen zuten eukaliptoaren eta haritzaren egurrez eraikitako itsasontzia, batez ere antxoa eta atuna harrapatzeko. Hemezortzi pertsona ateratzen ziren Mediterraneora, Atlantikora eta Kantaurira: patroia eta bere laguntzailea, makinista, engrasadorea eta hamalau arrantzale. Antxoa sarearen bidez harrapatzen zuten ababor aldean, gauez. Argiak arrainak kostaldera erakartzen zituenean, txaluparen motorra itzaltzen zuten, zaratarekin ikara ez zitezen. Atuna, berriz, istribor aldean atzematen zuten kainaberarekin. Haztegietan arrain txikiak izaten zituzten, gero amu moduan erabiltzeko.

Arrantzarako oinarrizko tekniken berri izan ondotik, zubira joan gara, patroiak eta laguntzaileak txaluparen norabidea kontrolatu eta arrainak non zebiltzan antzematen zuten lekura. Radarra, pilotu automatikoa, irratiak, lema, arrain multzoak aurkitzeko sonarra, arrokak non zeuden jakiteko urpeko sonda... Itsasoratzeko beharrezko teknologia guztia dago bertan. Eta ondoan, logela. Txandaka egiten zutela kontatu digu Idoiak; bat lo zegoen bitartean, bestea zubiaz arduratzen zen.

Arrantzaleek etzalekuetan hartzen zuten atseden, brankan, hau da, itsasontziaren aurreko aldean, olatuak hausten diren lekuan. Euskal Herrian, arrantzaleen gelak gehien mugitzen den aldean egoten direla azaldu digu gidariak; Asturiasen eta Kantabrian, atzealdean, txopan, egiten dute lo. Bakoitzak bere koltxoneta eramaten zuen, eta goiko ohatzeak gazteenentzat izaten ziren, zaluenentzat.

Sukaldea, sotoa, bazkaltzeko mahai gisa erabiltzen zuten hozkailua, komuna, familiakoak eta lagunak agurtzen zituzten lekua, brankako eserlekua... «Ondarzabal Hondartza» ontziko txoko guztiak ezagutu ditugu, eta une batzuetan gu ere marinelekin batera itsaso zabalera aterako garela iruditu zaigu. Atako bandan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo