Epe laburrera «hauteskunde libreak» iragarri dituzte militarrek Mauritanian
Sidi Ould Cheikh Abdallahi presidenteak atxilotuta jarraitzen du herenegun militarrak Mauritaniako Gobernuaren aurka altxatu zirenetik. Kalean «lasaitasuna» nagusi bada ere, Nuakchot hiriburuan estatu kolpearen aldeko eta aurkako manifestazioak izan ziren atzo.
GARA |
Mauritaniako Gobernuaren aurkako altxamendutik bi egun igaro direnean, Mohamed Ould Abdelaziz militar kolpista epe laburrean «hauteskunde libre eta gardenak» antolatzeko «prest» agertu zen atzo. Milaka jarraitzailek babestu zituzten militarraren adierazpenak, Nuakchot-eko kaleetan zehar manifestazioa egin eta gero.
«Demokrazia zaintzeko, justizia berriro ezartzeko eta herritarren berdintasuna babesteko» konpromisoa dutela adierazi zuten Mauritaniako Estatu Kontseilu eraberrituko arduradunek. Erakunde berri hau hamaika militarrek osatuko dute eta oraingoz Mauritaniako agintaritza politikoa hartuko du bere gain. Bitartean, Sidi Ould Cheikh Abdallahi presidenteak atxiloturik jarraitzen du, lehen ministroarekin batera, eta altxatutako militarrek ez zuten beren egoerari buruz azalpenik eman.
«Militarrak eta segurtasun indarrak herrialdean demokrazia mantentzeko lanean ari dira, benetako demokrazia bat eraikitzeko», gaineratu zuen Abdelaziz-ek atzo egindako lehen agerraldi publikoan. Hiriburuan ez da «istilu larririk» izan, eta erakunde publikoak zein dendak berriro beren ateak zabaltzen hasi ziren atzo.
Kontrako erantzunak
Baina estatu-kolpearen aldeko manifestazioaz gain, Nuakchot-en beste mobilizazio bat antolatu zuten atzo gobernuaren aldeko alderdiek. Manifestazioa «Demokraziaren aldeko Defentsa Fronte Nazionalak» bultzatu zuen, eta gogor salatu zuen bertan Mauritaniako Poliziak izandako jarrera. «Poliziak gure mobilizazioa desegin du kolpisten aldeko martxa babesteko helburuarekin», nabarmendu zuen koalizioko bozeramaile batek, horretarako «gas negar-eragileak» erabili zituztela salatzen zuen bitartean.
Militar kolpistek «epe laburrean hauteskunde libreak» antolatzeko ustezko borondatea zalantzan jarri zuten Fronteko kideek. «Herriaren erabakia ezkutatzeko iruzurra baino ez da, aurretik ere antzeko konpromisoak hautsi dituztelako», adierazi zuen bozeramaile batek, 2005. urteko estatu-kolpea zeharka aipatuz.
Nazioarteko herrialde ugarik ere Abdalahi presidenteari «dagokion zilegitasuna» aitortu zioten. Europar Batasunak, estatu-kolpea gaitzetsi eta presidenteak 2007. urtean «hauteskunde libre eta garbiak» irabazi zituela gogorarazi zuen. Errusiak kolpistei Mauritaniako Konstituzioa betetzeko eskatu zien eta Estatu frantsesak, bestalde, kolpeak «ondorioak» izango dituela gaineratu zuen.
Ehunka herritarrek estatu-kolpearen aurkako manifestazioa egin zuten atzo hiriburuan, baina Polizia «gogor oldartu zen» manifestarien aurka, besteak beste, gas negar-eragileak erabili zituzten.
Nazioarteko herrialde ugarik militarren estatu-kolpea gaitzetsi zuten atzo. Presidenteak «zilegitasun osoa» duela nabarmendu zuen Europar Batasunak, «hauteskunde garbi eta libreak irabazi zituelako».