Beijing 2008 futbola lehen jardunaldia
Faboritoek, iragarritakoak beteta, irabazi egin zuten
Brasilek soilik menderatu zuen Belgika europarrak bi gutxiagorekin geratu zirenean eta Argentina ere kostata gailendu zen Boli Kostaren kontra
Beñat ZARRABEITIA | BILBO
Aurreikuspenak bete arren, Joko Olinpikoetan urrezko domina eskuratzeko hautagai nagusiak diren Argentinak eta Brasilek uste baino itxura eskasagoa eman zuten beren estreinako partidetan. Chicho Batistaren mutilek, behin lortuta Messik txapelketan parte hartzeko Bartzelonaren baimena, talderik sendoena egiten dute, Agüero, Messi bera, Riquelme, Garay eta enparauekin, baina behintzat lehen norgehiagokan, Boli Kostaren aurka, nabarmen sufritu zuten hiru puntuak eskuratzeko.
Bartzelonako jokalariak markagailua abiarazi zuen, baina Cisseren burukada indartsu batek berdinketa ezarri zuen. Baina, partida banako emaitzarekin amaituko zela zirudienean, Sevillak uda honetan fitxatu berri duen Lautaro Acostak bi eta batekoa egin zuen Argentinarentzat. Hegoamerikarrek, jokaldi bizkor batean, Boli Kostako defentsa ezustean harrapatu zuten. Hala ere, afrikarrek irudi ona eman zuten eta final-laurdenetan egoteko txartel bat lortzeko aukerak dituztela erakutsi zuten atzokoan.
A Multzoaren barruan halaber, beste bi talde onek, Australiak eta Serbiak gol bana egin, eta berdindu zuten. Balkandar jatorria duen Ruben Zadkovichek aurrean jarri zuen talde ozeaniarra hirurogeita zortzigarren minutuan, baina Rajkovicek banakoa lortu zuen. Hasiera batean behintzat, Serbia da Argentinarekin batera dominen lehian sartzeko aukera gehien dituen selekzioa, baina lehen jardunaldiak aukera guztiak zabal-zabalik utzi ditu.
Bigarren multzoari dagokionez, Estatu Batuak dira lehen postuan, Japoniaren aurka 0 eta 1 bat gailendu ostean. Tianjin hirian jokatutako partidan, Stuart Holdenek egin zuen gola, bigarren zatia hasi eta berehala. Multzoko beste norgehiagokan, Holanda eta Nigeria izan ziren aurrez aurre. Lehia golik gabe bukatu zuten, eta bi taldeetako kideak zalantzaz bete zituen.
Bederatziren aurka sufritzen
C multzoan Brasil dago. Canarinha txapelketa eskuratzeko hautagai oso sendoa da eta gainera, Ronaldinho, Diego, Alexandre Pato edo Rafinharen moduko jokalariak deialdian izanik, are gehiago. Baina, atzo behintzat, ez zuen hori erakutsi Belgikaren aurka. Hegoamerikarrek zailtasunak izan zituzten deabru gorriak menderatzeko eta soilik Vincent Kompanyk -lehia bukatzeko 20 minutu falta zirenean- bere bigarren txartel horia ikusi zuenean nagusitu ziren, eta brasildarren gol bakarra ere, handik gutxira sartu zuen Hernanesek.
Belgika, Van den Borre, Kompany, Kevin Mirallas, Tom de Mul edo Pogconolirekin nazioarteko txapelketa handi batean da berriz, zortzi urte inora sailkatu barik egon ondoren, eta egia esan, aurpegia eman zuen. Baina, Brasil beti da Brasil, batzuetan epaileen erabakiak ere lagun izaten ditu eta atzo, Belgikak bederatzi jokalari zituen norgehiagoka amaitzeko. Bestalde, Txinak eta Zeelanda Berriak beren partida bana berdindu zuten. Dong Fanzhuok eta Brockiek sartu zituzten golak.
Azkenik, laugarren multzoan, Italiak aise menderatu zuen Honduras. Stefano Giovincok markagailua estreinatu zuen atsedenaldirako bost minutu eskas falta zirenean. Epaileak jokalariak aldagelara bidali aurretik, Giuseppe Rossik, penaltiz, bigarrena egin zuen azzurrientzat. Lehia jada erabakita zegoen eta bigarren zatia oso erosoa izan zen italiarrentzat. Horiek horrela, Acquafrescak hirugarrena erdietsi zuen hamaika metroko lerrotik egindako beste jaurtiketa bati esker. Multzoko beste norgehiagokan, Hego Koreak eta Sydneyko Jokoetan urrea eskuratu zuen Kamerunek husna berdindu zuten.