Beijing 2008 Proba gogorra Txinako harresian
Mailarik goreneko lasterketa bigarren mailako mendatean
Selekzio bakoitzak bosna kide daramatzanez, lasterketari eusteko izango dira kontuak. Bettinik lan zaila du 2004ko urrea errepikatzen, arerio kopurua ikusita.
GARA | BEIJING
Txinako harresi erraldoia makina bat borroka eta desafioren eremua izan da historian zehar, K. a. III. mendean eraiki zenez geroztik. Alabaina, nekez ikusiko zuen mailarik goreneko txirrindulari lasterketarik. Bada, gertakaririk bitxienak ere lantzean behin suertatzen direnez gero, aurrerantzean, efemeride hori ere beregan eramango du eraikuntza txundigarri honek.
Euskal Herrian bihar goizeko 05.00ak direnean ekingo diote txirrindulariek lanari, baina berandu jaikitzen denak nahikoa denbora izango du proba hau ikusteko; izan ere, 245,4 kilometroko ibilbide luzea bete beharko baitute parte-hartzaileek.
Luzea ez ezik, nekagarria ere izango da egin beharreko ibilbidea, izan ere, Beijing-en bertan hasiko da lasterketa, aurreneko kilometroak Tiananmen plaza inguruan eginez, hain zuzen, eta horren ondoren hiriburutik kanpora, iparralderantz abiatuko dira lasterkariak. Han, eta harresi erraldoiaren magalean, lautadarik gabeko zirkuitu bati zazpi itzuli eman beharko dizkiote txirrindulariek. 24 kilometroko zirkuitu bat izango dute aurrean, Tourreko bigarren mailako mendate baten antza duena, eta hori izango da, hain justu, gorengo mailako lasterketa erabakiko den lekua.
«Zenbat eta aurrerago joan, orduan eta gogorragoa da. Azken 800 metroetan malda %8-10 ingurukoa da», aitortu zuen lasterketa bezperan Charly Mottet, gaur egun UCIko teknikari den txirrindulari ohiak. «Hamabi kilometro gora eta beste horrenbeste behera. Errepidea bikaina da. Aldaparen zatirik zailena hasierakoa da, gero tarteka, plato handiak ere jar litezke. Arazoa beherakoan sortuko da, lau erreiko errepide zabala baita, tropelak ihesaldiak harrapatzeko modukoa», azaldu zuen Mottet-ek.
Bettiniri begira
Paolo Bettini izango da begirada guztien jomuga, Atenasen lortu zuen urrezko domina beste behin ere irabazten saiatuko baita. Ez du Tourrik egin eta Donostia-Donostia Klasikoan maila ona eman bazuen ere, azken esprintean ez zuen irabazteko aukera larregirik izan. Dena den, ibilbidea bapo datorkio Bettini «kilkerrari» eta, oro har, haren antzera, klasikoetan aurrean ibiltzen dakitenentzat.
Italiarrak, beraz, nonahi izango ditu arerioak, etxean eta kanpoan, hala nola: Rebellin edo Franco Pellizzotti Italiako selekzioan; Estatu espainoleko taldean, aldiz, Valverde, Contador edo Euskaltel-Euskadiko Samuel Sanchez lako arerioak izango ditu; Schleck anaiak eta Kim Kirchen Luxenburgokoan; Stephan Schumacher Alemaniakoan; eta Denis Menchov Errusiakoan.
Horrez gain, selekzio bakoitzeko bosna txirrindulari baino izango ez direla kontuan hartuz, lasterketa kontrolatzea ia ezinezkoa izango da. Beraz, Bettiniren esanetan, «aurrean amaitzeko indarraz gain, eskarmentua ere ezinbestekoa izango da».