GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Herri kalejira batek bultzada emango dio ikurrinari Donostiako jaietan

Joan den maiatzean Odon Elorzak bandera espainola Donostiako Udalean ezarri ostean, ikurrinari bultzada ematea premiazko jo dute Bai Euskal Herriari ekimenak zein auzoetako jai batzorde ugarik eta, elkarlanean, herri kalejira antolatu dute datorren ostegunerako.

p013_f01_111x111.jpg

GARA |

Ikurrinak Donostian dagokion lekua berreskura dezan, bultzada berezia eman nahi dio Bai Euskal Herriari ekimenak euskaldunak biltzen dituen ikurrari. Horretarako, herri kalejira antolatu du datorren ostegunerako, Donostiako Aste Nagusietako jaiak bete-betean direla.

Herri ekimeneko kideak, Donostiako auzoetako jaietako hainbat ordezkarirekin batera agerraldia egin zuten atzo; bertan ekitaldia iragarri eta bandera espainolaren «ezarpena» salatzeko. Amara Berri eta Amara Zaharra, Gros, Igeldo, Egia, Loiola, Intxaurrondo, Añorga edota Alde Zaharreko jai batzordeak izan ziren bertan, tartean Donostiako Piratak, Antiguako buruhandiak eta Bidebietako Txapontxo zeudela. Horiek guztiek hartuko dute parte datorren ostegunean, 18.30ean, Bulebarretik abiatuko den kalejiran. Ekimenean, gainera, erraldoi eta buruhandiez gain musika izango duen kamioi bat ere egongo dela adierazi zuten.

Hain zuzen, maiatzetik hona Udaleko balkoian kulunka dagoen bandera gorri-horiaren azpian egin zuten agerraldia. Eta osteguneko hitzordurako deia egiteaz gain, Aste Nagusi osoan zehar etxeko balkoietan zein elkarteetan ikurrina zabaltzeko deia egin zieten donostiar orori.

1977ko urtarrilaren 19a izan zuen gogoan Beñat Ijurko Bai Euskal Herriari ekimeneko kideak. Estatu espainoleko Gobernu ministerioak ikurrina baimendu eta milaka ikurrin atera ziren kalera Donostiako danborradaren bezpera horretan. Gerora Gipuzkoa hiriburuko Udalean ikurrina eta Donostiako bandera zintzilik egon direla ere nabarmendu zuen Ijurkok.

Joan den maiatzean ordea, Odon Elorza buru duen gobernuak Estatu espainolak «euskal ikurren aurka» darabilen estrategiarekin bat egin izana gogor kritikatu zuen. Legedi «atzerritar eta inposatzaile bati men» egin diola salatuz. Horiek horrela, Donostiako Udaleko talde politikoei eta bereziki, udal gobernuko partaide diren Aralarri eta Ezker Batuari, «ausardiaz jokatzeko» deia egin zieten, eta euskal nortasunaren eta nazio izaeraren adierazle den ikurrinari babesa eman diezaiotela eskatu zieten.

Bandera espainola inposatzeari «onartezina» deritzote herri ekimeneko kideek, eta ikurrinak euskal erakunde orotan egon behar duela defendatu zuten; euskaldunen bandera «bizirik dagoen herri baten ikurra» dela uste baitute.

geurea ikurrina

Agerraldira bertaratutakoek, «Geurea Ikurrina» adierazpenarekin bat egin zuten, eta osteguneko kalejiran sinadurak bilduko dituztela adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo