GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hiesaren arriskuak murrizteko kanpaina egin dute Lapurdiko kostan

Gehitu eta LGP Biarritz elkarteek AIDES gobernuz kanpoko erakundearekin bat egin dute hondartzetan beren artean sexu harremanak izan nahi dituzten gizonezkoekin mintzatu, eta hiesaren edo GIBaren arriskuak murrizteko. Hagitz balorazio ona egin dute.

p023_f01.jpg

Maider IANTZI

Lehenbiziko aldiz, Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual eta transexualen bi elkarte, LGP Biarritz eta Gehitu, AIDESekin elkartu dira udaran hiesaren arriskuak murrizteko kanpaina bat egiteko. Joxean Zapirain Gehitu-ko bozeramaileak lankidetzan aritzeak eta ezagutzak trukatzeak dakarren aberastasuna nabarmendu du. Azaldu duenez, Bidasoa ibaiaren bi aldeetan egoera ezberdina da, mezuak ere ez doaz beti ildo beretik eta batzuetan lan egiteko modua aldatzen da, baina «arazoa bera denez, osagarriak gara». Gero eta gehiago ikusten dute lankidetza horren beharra, ikasteko eta baliabideak hobeki kudeatzeko, eta kanpaina honetaz gain, bertze proiektu batzuk lantzen ari dira hiru antolakundeak elkarrekin.

Etorkizunera begira, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen artean behinik behin birusarekin bizi diren pertsonak ez baztertzea lortu nahi dutela azaldu du Zapirainek: «Badakigu zer den armairuan bizitzea, eta gizarteari mezu hori helarazten asmatu dugu. Hiesari edo GIBari dagokionez, lagun asko ezkutuan bizi da, antzemango duten beldur, baina estigmatizazio horrek ez du izateko arrazoirik, osasun arazo bat da. Gizarteari ikusarazten asmatu behar dugu, etxetik hasita. Birusarekin bizi den jendeari erakutsi behar diogu gure jarrera ez dela hori eta ez ditugula baztertu nahi».

Uztailaren bukaeran egindako «The Sugar Baby Love Ocean Tour 2008» kanpainan, hiru elkarteetako kideak beren artean harreman sexualak izan nahi dituzten gizonekin mintzatu dira Lapurdiko eta Landeseko hondartza eta tabernatan. Oraindik informazioa bateratu eta prozesatu gabe baldin badute ere, Gehitu-ko eledunak bere sentsazioen berri eman digu. Informazio falta sumatu du, eta birusa diskriminazio iturria dela ikusi du. Hainbat jendek diskriminazio hori justifikatzeak harritu du. Hala ere, berak halako jarrerak ikusi izanak ez duela hori horrela denik erran nahi argitu du.

Solaserako aukera ona

Kanpainako bandera eta kamisetekin joaten ziren hondartzetara, lasai ederrean eguzkia hartzen edo bainatzen ari ziren lagunek nor ziren jakin zezaten. Toallak eta gainerako tresnak legarrean utzi eta ibilaldiak egiten zituzten. Jendearengana hurbildu eta elkarteak ezagutzen ote zituzten galdetzen zieten. Beren burua aurkezten zuten eta solaserako minutu batzuk ba al zituzten galdetzen zieten. Izandako harrera onarekin harrituta gelditu direla aitortu du Joxean Zapirainek. Hagitz-hagitz lagun gutxik erran omen diote ezetz elkarrizketari. Hondartza parada ona izan daiteke hizketarako, ez dagoelako eguneroko bizitzan izaten den presarik. Solasaldi gehienak kalitatekoak eta benetan aberasgarriak izan direla deritzo Gehitu-ko kideak. Kontu pertsonalak eta sakonak kontatu dizkiete.

Balorazio ezin hobea egin dute. Zapirainen arabera, kondoiak banatzea eta informazioa ematea ez da aski, eta kanpaina hau osoa izan da. Arlo asko landu dituzte. Trukea egin dute, hau da, informazioa eman eta jaso dute, eta horrek plangintza hobeki diseinatzeko, lana beharretara egokitzeko eta hutsuneak eta akatsak antzemateko balio izan die. Hurbiltasuna aberasgarria dela uste dute. Adibidez, birusa detektatzeko proba azkarrari buruz mintzatu dira. Estatu frantsesean ez da legezkoa; espainolean, badira elkarte batzuk egiten dutenak, Gehitu-k, ordea, ez du martxan jarri. Kanpaina honetan proba zenbateraino den onuragarria planteatu dute. Izan ere, ohiko proba eginez gero, egun batzuk itxaron behar izaten da emaitza jakiteko eta tarte horretan jendeak gaizki pasatzen du. Proba azkarra eginez gero, ordu baten buruan edo lehenago izaten da emaitzaren berri. Gainera, odol tanta batekin edo listuarekin egin daiteke. Baliabideak eskatzen hasi aurretik, AIDES Estatu frantseseko hiesaren aurkako gobernuz kanpoko erakundeak beharrik ote dagoen jakin nahi zuen. Herritarrei zenbateraino ezagutzen duten galdetu diete, non eta nola egin beharko litzatekeen, zein abantaila dituen, erabiliko luketen... Askok ez zuen probaren berririk.

Elkarteetatik zer espero duten galdetu, eta neurri zehatzak proposatzeko eskatu diete. Eta prebentzio neurri gutxiago hartzera zerk bultzatzen dituen ere galdetu diete. Jai batean edan izanak, kitzikapen handia izateak, bikoteak gustuko jarduna proposatzeak... Denetariko erantzunak jaso dituzte.

Erlazionatzeko arazoak gainditzeko modu bat

Laugarren urtea da AIDES Gobernuz Kanpoko Erakundeak «The Sugar Baby Love Ocean Tour» kanpaina egiten duela. Aurtengoa zenbatu gabe, 2005etik 2.500 lagunengana hurbildu dira; 600 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte; 700 eztabaidatik gora. Joan den uztail bukaerako ekimenak bi berrikuntza nagusi izan ditu: alde batetik, Gehitu-k parte hartu du. Bertzetik, egunez hondartzatan mintzatu dira, gauez tabernetan, eta AIDESen bulegoan eztabaidak eta bestak egin dituzte.

Birusarekin bizi direnek erlazionatzeko eta bikotekidea izateko arazoak dituztela azaldu dute, eta hiesa edo GIBa dutenen eta ez dutenen artean elkarguneak sortzeko modu bat da afariak, solasaldiak edo jaiak antolatzea. Horregatik, harremanak sustatu nahi dituztelako, ekitaldiak prestatzeko gogoa dutenei, parte hartzeko interesa agertu dutenei edota bertzerik gabe ekintzen berri jaso nahi dutenei kontaktua eskatu diete. M.I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo