GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Lorea Agirre 2008/8/13

Bakea nahi, gerra prestatu

berria

Udako beste gerra bat. Bakea nahi, gerra prestatu leloak indarrean jarraitzen du. Hari jarraituz jokatu dute, oraindik orain, Georgiak, Errusiak, Hego Osetiak eta Abkhaziak kasu. Gaur-gaurkoz bost egun iraun duen azken gerra honetan armak isilarazten azkena Errusia izan da, Dmitri Medvedevek esan bezala «bakea inposatu» eta gero. (...)

Gaur bost egun Georgiako Gobernuak Hego Osetiari eraso egin ziola. Mikhail Saakashvili presidentearen helburua beti hori izan da, Georgia batuta egotea. «Hego Osetiaren eta Abkhaziaren birkonkista, hori da nire bizitzaren xedea», handiki adierazi zuen, orain lau urte Gobernura iritsi zenean.

Hego Osetiak, Georgia onartzen ez zuela eta, 1991. urtean independentzia aldarrikatu zuen, eta gobernu propioa osatu. Errusiak baino aitortzen ez duen estatu independentea da hartara. Bertako presidente Eduard Kokoitiren helburua, berriz, Hego Osetia independentea lortzea da.

Kaukasoko herrien arteko borroka zaharra da oso. Zenbateraino zahar den ere historialariak ez dira ados jartzen. Osetiarrak etorkinak georgiarren ustetan. Eta osetiarren ustez, georgiarrak agertu aurretik eurak lur horietan bizi ziren.

Kaukasoko herrien arteko gerra korapilatsua ere bada. Hamaika etnia, hizkuntza eta kultura; ehunka migrazio, lurrazpiko aberastasun, ekialde-mendebalde bidegurutzean egotearen estrategikotasuna. Hori dena, eta joan den mendean nazismoaren eta komunismoaren aurrean herri bakoitzak agertutako jarrera, eta jarrera horiek gaur egungo Errusia eta Mendebaldearen aurrean duten segida.

Mendebaldearen jarrera ere bestelakoa da. Georgiak erasoa Estatu Batuen oniritziarekin egin omen du. Europak Hego Osetiaren independentzia ez du aitortu, baina bai Kosovorena. Batean arrazoi etnikoa ez da nahikoa, eta bestean bada nahikoa arrazoi. Kosovo europarzalea da, eta Milosevic serbiarra, berriz, Moskuren lagun; Georgia, Estatu Batuen lagun, eta Hego Osetia, Putinen morroi. Norberak bere bakea defendatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo