Josu Torre 2008/8/14
Nagusia
DEIA
Neurriak ez duela axola esaten da gai edo kontu ezberdinetan baina eman egiten da, garrantzitsua edo ez, neurria datu erlatiboa da, unitatearekin edo beste edozein errefentziaz konparatuz lortzen den datua (...). Beti konparatzen eta udaran gaudenez, nola ez, euskal hiriburuetako jaiak ere alderatze gai bihurtzen dira bata eta bestean eta ez nuke zirrikitu hau ere utzi nahi holako hausnarketa sakon xamarrik gabe. Gaztetxotan entzun nion nere amari «Non Andramari, han Santamari» eta harrezkero makinabat ibili egin ditut -aspaldi gutxixeago- han eta hemengo erromeri edo jaietan.
Luze jo gabe bost hiriburutara mugatuko dut delako hausnarketa bidaia hori eta lehenbizi bakoitzari bere izen jatorra erantsiko. San Fermin, Roi Lion, La Blanca, Semana Grande eta Aste Nagusia. Francoren garaiak ere joan omen ziran eta itzultzeko aukera ere hor dugu: Sanfermiñak, Leon Erregea, Andra Mari Zuria eta..., hemen arazoa, Donostiako Aste Handia, gaizki ematen ote du? Inolako diskriminazio nahi gabe, Aste Nagusia duela 30 urte, jaiak erabat berritzeko asmoz sortu zen idea baten izen jatorra da, ez ordurarteko Semana Grande bilbainaren itzulpena. Aste Nagusia sortu zen herritarrak parte hartuz gozatzeko, ikusentzule izatetik protagonista peto petoak izateko aukera emanez, ekiñez eta egiñez gozatzeko, lehenagoko jaiaren zentzumena irauliz. Nagusia -handiena- neurriz ere, urte osoan bederatzi egun eta zortzi gau dituen aste bakarra baita. Bilbainada hutsa aurreko hori baina humorez, adeitasun eta errespetoz, Handiari, Amazuriari, Sanfermiñei eta Leon erregeari deia: Erduze Bilbora! Horrela bakarrik egingo gaituzue Nagusia.