Erromatar inperioaren historia eraikitzen, zinemagileen eskutik
«Spartacus», «Ben-Hur» edota «Cleopatra»; urteetan zehar hainbat zinemagilek Erromako gorabeherak pantailaratu dituzte, eta horien bidez, ia libururik ireki ere egin gabe, inperio handiaren historia berreraikitzeko aukera dagoela erakusten du Oiasso museoak.
Odeia AIESTARAN
Marko Antonio, Julio Zesar eta Kleopatra; Erromako historiaren ispilu den triangelua osatzen dute hirurek, eta horiei esker, pantaila aurrean eseri, eta milioika pertsonentzat iragana eta inperio handiaren gorabeherak ezagutzea lan erraza izan da. Irungo Oiasso Museoak eskaintzen duen aukera ere bide horretatik doa, hain zuzen ere, eta "Erroma bizirik!" erakusketa bisitatu ondoren, historia eta zinema are xehetasun gehiagoz elkartuko dira.
Erromatar historia eraikitzen betidanik jardun du zinemak. Elizarekin Italian egon ziren tira-birak modu ezberdinetan islatu zituzten, hasieran. Erroma zibilizazio pagano gisa irudikatzen zuen «Quo Vadis» (1913) filmak. Estatuaren aldeko zibilizazio gisa «Cabiria»k (1914). Faxismoen garaian, nazio altxamenduaren ahotsen ispilu, «Scipione l´africano»k (1937). Zinema mota honek 1950eko hamarkadan eta 1960ko hamarkadaren hasieran eztanda egin zuen, hamaika film egin baitzituzten. Bitartean, Hollywood ere genero horretara hurbiltzen hasi zen, eta hala, Erromatarren historiaren hainbat alderdi islatu zituzten, hala nola: esklaboen erreboltak, «Spartacus» (1960) filmaren bidez; Zesarren agintaldia, «Jules Caesar» filman (1953); Kleopatraren mitoa, «Cleopatra» lanean (1934); inperioaren hondamena, «The Fall of the Roman Empire» filmaren bidez (Erromatar inperioaren gainbehera) (1964); eta gehienbat, kristauen jazarpena «Ben-Hur»en (1959) bidez.
Hainbat film, hainbat etapa
Urteak pasa ahala, bazirudien generoak berak ere gainbehera izango zuela. 2000. urtera arte itxaron behar izan dugu, «Gladiator» bezalako superprodukzio bat ikusteko. Inongo zalantzarik ez dago zinema motaren arrakastaz, eta izan duten eta izango duten eraginaz, are gutxiago. Horiek horrela, film klasikoen errepasoa Erromako historia ikasteko bide ezin hobea dela erakutsi nahi dute Irungo Oiasso museoan, irailaren 30a arte egingo dituzten bisita gidatuen bitartez.
Film batzuk sona handia izan dute, zinema aretoak betetzeraino. Beste batzuk, ordea, ez ditu ia inork ezagutzen, kalitate onekoak izanda ere. Talde horretan sailkatzekoa da "Cabiria", eta hain zuzen ere, 1914an egindako film honen irudietatik abiatzen da erakusketa, historiaren ibilbidea osatzeko. Zinema mutuaren lehen lekukoetako bat den film hori ordura arteko superprodukzio handiena izan zen. Lehen Mundu Gerraren atarian, Erromatarren hedapen grinak azaltzen dira, inperialismo eta kolonialismoei erreferentzia eginez. Maria Jose Noain Oiasso museoko ekintzen arduradunaren esanetan, "Cabiria" «film ezezaguna da, baina kritikoen arabera, oso produkzio ona».
Historiaren xehetasunak
"Cleopatra", ostera, urteak pasa ahala ahazten ez den film horietako bat da. Galdetu, eta denek erantzungo dute zerbait pertsonaia horri buruz, guztiok jakingo dugu deskribatzen. Dudarik gabe, oraindik ere gaurkotasun handia du. Eta filmaz galdetu, eta, behintzat, Elizabeth Taylor aipatzen jakingo genuke, izan ere, 1963an egindako produkzioak ospe handia lortu baitzuen. Hala ere, Oiasso museoak beste ikuspegi bat eman nahi izan du, «badirelako Kleopatrari buruzko beste film batzuk». Horrela, 1934an Cecil B. De Mille-k zuzendu eta Claudette Colbert-ek antzeztu zuena ekarri dute Irunera. «Datari erreparatuta, garrantzia handikoa da», aipatu du Idoia Castrok, museoko bisita gidatuen arduradunak, «izan ere, urte horretan bertan, Hays kodea ezarri zuten». Neurri horren bidez, hainbat eduki azaltzea debekatu zuten: musuak edota besarkadak kasu, eta hortik aurrera, eszenak zorroztasunez zaindu behar izan ziren. Neurria oso zorrotza izanik, Estatu Batuetan Europako filmak debekatu egin zituzten. «Cleopatra» da, beraz, kodea finkatu aurretik egin zen azkenetarikoa, eta ikusi besterik ez dago Julio Zesar, Marko Antonio eta Kleopatrak bertan erakutsitako jokamoldeak; erotismoa eta sexua dira ardatzak.
Pertsonaia ezagunekin jarraituz, albo batera utzi ezin diren produkzioek erakusketako zati garrantzitsua betetzen dute. 1964an ekoiztutako «The Fall of the Roman Empire» laneko xehetasun ugari aipatzeko modukoak dira. Esate baterako, Erromako historiaren sinbolo nagusietako bat zineman hamaika aldiz agertzen da, hiriaren sorreraren ikurtzat hartzen baita: «La lupa capitolina» (Kapitolioko otsemea) eskultura. Obraren irudia gogoan hartuz gero, Romulo eta Remoren eskultura txikiak ere agertzen direla konturatuko gara, eta filmean, ordea, horiek ez dira ageri estatuan. Baina ez pentsa okerrik dagoenik, Noainek azaldu duenaren arabera, «oso ondo islatuta dago momentua». Izan ere, filmak irudikatzen duen garaian, Romulo eta Remoren irudiak bertan jarri gabe zeuden, Errenazimendu garaian kokatu baitzituzten egun ezagutzen ditugun eran.
Historia ikasteko, beraz, hainbat modu daude, eta erraztasunak ere bai. Erromako Inperioa modu zuzenean islatzearen bitartez hainbat gauza jakitea dagoen bezala, okerretatik ere berdin egin daitekeela azaldu du Noainek. Eta aurretik, «Cleopatra» produkzio «oso ona» dela aipatu arren, jakin beharreko ezaugarriak ere baditu. Esaterako, Colbertek filmean daraman jantzia ez da berez erromatarrena, Noainen hitzetan, «momentuan modan zegoena» erabili zuten, beraz, horri dagokionez, «hanka» sartu omen zuten. «The Fall of the Roman Empire» filmean ere badago horrelako «hanka sartze» bat, izan ere, museoko panel batean ikus daitekeenez, Anthony Mann gidari zuen taldeak erromatar artearen inguruko zehaztasun batzuk ahaztu zituen. Zehazki, eszena batzuetan hormetan mosaikoak ageri direla; eta lehen begiradan ez badirudi ere inolako akatsik egon denik, Castrok adierazi digunez, Erromatar garaian «mosaikoak lurrean egoten ziren, eta ez hormetan, hormak margotuta egoten baitziren».
Erromako historian azpimarratzekoak diren hainbat alderdi daude, eta azpimarratzekoa da film askotan gai batzuk lantzen direla, filmaren helburua bat edo beste izanagatik, ikusleak gai jakin horren garrantziaz ohartaraziz. Hala, mintzagai ditugun filmetan kristautasunaren indarra islatzen da. Noainen hitzetan, erlijio hori «etengabe bultzatzea» zen asmoa, bertan zeuden arazoengatik. Bestalde, sexu askatasun film askotako ezaugarria bada, homosexualitatea ere -zentsuraren gainetik- landutako gaia izan da erromatarrei buruzko filmetan. «Spartacus» filmean, Craso jeneralak Antonino esklaboarekin bainugelan duen eszena seguruenik guztiok izango dugu gogoan.
Beren sexu joera azaltzeko, barraskiloak edota ostrak, zer ote duten gustuko ari dira solasean; elkarrizketa hori dela-eta, zentsuratu egin zuten. Gerora, eszena berriz ere eskaini zuten baina ahots originalak aldatuta. Horregatik filma ikusiz gero, ahotsak aldatu egiten direla ohartzekoa da. «Ben-Hur» ezagunak ere badu horrelako pasarteren bat, baina, ahots baxuan egindako eszenak dituenez zentsuratua izateaz libratu zen.
Historia bakarrik kontatzea «aspergarria» izan daitekeela jabeturik, Irungo Oiasso museoak zinemaren eskutik modu ludikoan ikasteko aukera ematen du, baita oharkabean jakintzaz gozatzeko aukera ere. Erromako hiriaz izan dezakegun ikuspegia aldatzeko abagunea da eta hemendik aurrera agian, baita gauza asko «zalantzan» jartzeko askok behar izaten duten bultzada ere. Antzinako aztarnez gain, iraganaren berri jakiteko beste biderik badagoela erakutsiko dute antolatutako bisiten bidez.
El museo Oiasso de Irun mantiene una estrecha relación con el cine gracias al Festival Internacional de Cine Arqueológico del Bidasoa, un certamen cuya próxima edición se desarrollará en la localidad guipuzcoana del 18 al 22 de noviembre próximos. Su objetivo: acercar la arqueología a toda clase de público. Este año se ha triplicado el número de cintas presentadas a concurso, hasta el punto de que se ha alcanzado la cifra récord de sesenta títulos. Los filmes se han agrupado y ordenado en base a criterios temáticos y cronológicos, con secciones como Egipto, Roma o Celtas, para ofrecer las novedades de mayor relieve referidas al entorno histórico de Oiasso y al ámbito internacional del mundo arqueológico. Tal y como apunta Maria Jesús Noain, la responsable de actividades del museo, destaca la procedencia de las películas que se exhibirán en el festival y que han llegado desde países como Mongolia, Filipinas, Argentina, Estados Unidos, Alemania, Turquía, Italia o Grecia. Con esta selección de películas, los organizadores pretenden convencer a todos los públicos, a la vez que buscan convertirse en un referente de prestigio entre los festivales de su género. Odeia AIESTARAN
Erakusketa: «Erroma bizirik!», irailaren 30 arte.
Lekua: Oiasso Museoa,
Eskoleta kalea, 1
Irun (Gipuzkoa)
Tlf: 943 63 93 53.
Proiekzioak: Hileko lehen larunbatean.
12.00etan: «Galathea» eta «La Bella Helena» (Lotte Reiniger, 1935 eta 1917).
17,00etan, «Amphitryon» (Reinhold Schünzel, 1935)
Tailerra: «Erroma eta zinea».