Saskibaloia Egurra eman dio Espainiako selekzioari
Estatu Batuen etsai gogorrena beren burua baino ez da
Krzyzewski-ren mutilek, hiruko jaurtiketetan sekulako lana egin eta 82-119 birrindu zituzten espainiarrak. Bestetik, Errusia eta Alemania kalean geratu dira
Arnaitz GORRITI | BILBO
Kronika hau idazten ari den kazetaria ez da NBAko jokoaren zalea, nahiz eta saskibaloia gogoko izan. Alabaina, Estatu Batuetako selekzioak urrea lortzeko bidean daukan etsairik gogorrena bere burua dela aitortu behar da. Kontzentrazioa gal dezatela, hori da beste taldeen itxaropena.
Mike Krzyzewski-ren mutilek «etxeko lanak» egin dituzte. Espainiako selekzioak maila bikaina dauka eta, egiari zor, baliteke Aíto Garcia Reneses-en taldeak bere baliabide guztiak ez erakutsi izana. Dena dela, 82-119ko emaitzak zalantza guztiak uxatzen ditu. Estatu Batuetako selekzioa da Beijingeko talderik onena.
Duela laur urte ez bezala, orain ez da nahikoa 2-3 zonakako defentsa soil bat jartzea amerikarrei kalte egiteko. Lebron James, Kobe Bryant eta enparauek baloia ezin hobeto mugitu zuten uneoro eta, aurreko neurketetan ez bezala, hiruko marratik sekulako triskantza egin zuten espainiarren uztaian, Carmelo Anthony-k batik bat.
Estatu Batuetako zortzi jokalarik hamar puntu edo gehiago saskiratu zituzten. Aldiz, munduko egungo txapeldunen artean soilik Felipe Reyes nabarmendu zen, 19 punturekin. Pau Gasolen 13 puntuak «gezurrezkoak» izan ziren, partida erabakita zegoela lortu baitzituen.
Egia esan, neurketarik ia izan ere ez zen izan. Aurreneko laurdena 22-31 amaitu zen. Hilaren 24ko finala bi talde hauek jokatzea ez da ezinezkoa, ordea. Baina asko hobetu beharko dute espainiarrek, urrezko dominari usainik hartu nahi izanez gero.
Errusia eta Alemania, kalera
Horrez gain, atzoko jardunaldian Errusia, Europako egungo txapelduna, eta Alemania kalean utzi zituzten. Australia eta Txina izan ziren horien borrero.
Azkenik, Argentina, Lituania eta Greziak beren partidak irabazi zituzten.