GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Joxean Agirre Agirre Soziologoa

Marea behea

«Marea alta» artikuluan (GARA, 2008/8/20) Joxean Agirrek itsas zakarrak euskal kostaldera ekarritako «zabor politikoaren» berri ematen zuen, eta honakoan, aldiz, itsasoaren ziklo naturala gogoan izatea gomendatzen du. Izan ere, itsasgoraren ondoren beti dator itsasbehera. Hartara, arerioen eta etsaien urduritasunari lasaitasunez erantzuteko deia egiten du Agirrek: «Marearen gora eta behera ezagututa baliatu behar dugu itsasoaren indarra, eta urtearen balantzea izozki bat bezala zupatzen dutenei hobe genuke idiaren egonarriz erantzungo bagenie».

Donostia eta Bilboko udako jaien arteko zubian gaude, eta uztailak utzitako zizka-mizkak atzean jadanik, hondartza garaia bere onenean dago, eguraldiak azken hitza izaten badu ere. Nik dakidala, hodeiak eta euria ez dira ez Espainia, ez Euskal Herriaren aldekoak izaten, baina, aterkiaren azpian kuzkurturik Madrilgo udatiarrek eramaten ohi duten aurpegi ilunari erreparatuta, nahiago ditut egun grisak hondartzara joateko. Toki gehiago etzateko eta, bide batez, aukera hobea egoten baita lasai pentsatzeko. Azken batean, lasaitasuna da, une honetan, gure aliaturik preziatuena.

Olinpiadek zabaltzen duten kirolzaletasun itzelak gauzagarri bihurtu du pasealekua utzi eta hondar gaineko laukitxo bat topatzea. Zapaldu gabeko oasi horretatik ikusten ditudan txinatar bakarrak CD piratak saldu edo masajeak eskaintzen dituztenak dira, beraz, Beijingera begira ez dagoen masa kritikoa badago. Bai Txinan, bai Euskal Herrian. Olatuen indarra ere baretu delakoan nago. Uda honetan gehien ikusi dudan bandera ez da gorria izan, koloreanitza baizik: ikurrina, arrano beltza, AHTaren kontrako ikurra, presoen aberriratzearen aldekoa... Azken hauek itsasertzeraino ekarri zituzten milaka pertsonak. Milaka izaten ari gara kalea hartuta faxismoari bidea ixten diogunok, eta jai dute moila hori gainditzeko. Jaietan ere, jai gurekin.

Hala ere, lasai gaitezen. Patxadaren balioa errebindikatu nahi dut begiak nasaitzen ditudan bitartean, zeren, GARA irakurtzeko tartetxoa pasata, nire oinetatik urrutiago baitago itsasertzaren aparra. Estatu nazionala gorputz mistikotzat hartzen duten espainiar sutsuek premia historikoa eta presa daukate beren «arima» legitimatzeko. Guk ez, ordea. Egonarria dugu bokazio eta ereduzkotasun ia bakarra. Zalaparta eta propaganda antiterrorista mila borrokatxo irabazi eta gerra galduko duen Perez Rubalcabarentzat uzten badakigu-eta. Gerra eta suaz kidetzen den izpiritu «castizo»ari putz egin eta beste zerbaitetara jartzen bagara, perspektiba argituko zaigu, urduri nor dagoen, esentzia espainolaren mina gero eta minduagoa dagoela antzematen baldin badugu. Eta hau ez da burumakur bizi nahi ez duen inozo baten balentria. Bestela, zer dela eta horrenbeste urduritasun eta iskanbila demokrata konstituzionalisten gotorlekuetan?

Iñaki de Juana askatu berri dute espantuka, sufrea eta izurriteak zabalduko balitu bezala. Hain esku gutxitan dagoen prentsak egindako aurreikuspenak zapuzturik, inon ez agertzeagatik, deus ez esateagatik zigortu nahi dute berriro, otzan-otzan gillotinaren azpian ez jartzea probokaziotzat harturik. Dena dela, Euskal Herriak lortu du Iñakiren askatasuna. Zigorra beteta kalean beharko luketen euskal preso politiko guztien aldeko lan etengabea, mobilizazioa, tokian tokiko argudio sorta, salaketa eta elkartasunari esker ireki ziren Aranjuezeko kartzelaren ateak. Enegarren gurutzada egiteko giltzarrapoak eta gezurrak behar dituzte, izan ere, badira urte mordoxka euskal preso politikoei buruz egunkariek egun beste astakeria kontatzen ez zituztela. Berdintsu dihardute ezker abertzalearekin: itxaropena eta iparra galduta omen gabiltzala esaten dute, inoizko handienak eginda ere, burua zut eta beren normaltasuna abordatzen ikusten gaituztelako, Donostiako piratek Kontxako badian egin duten bezala.

Adibidez, «El Pais»ek argitara ematen dituen albiste patetikoen usaina ardi izutuena da, beldur usaina. Gu birrintzeko ahalbait gogorren aritu ostean idiaren urrats sendo eta erregularrak jarraitzen du izaten dema honetan aurrera egiteko egokiena, beraz, ez da harritzekoa nork bere urduritasuna besteei egotzi nahi izatea. Harro eta ozen hitz egiten duten horien azpildurek kirioak dantzan dauzkatela erakusten digute. Sarekada eta tortura salaketa gehiago, komunikabideen tema, espetxe politikaren zentralitatze politikoa... Azken batean, 1980ko hamarkadaren jardunbide herdoildua berreskuratu nahi dute, hamarkadaz hamarkada porrot egin duen eta jendarte osoa atsekabetu duen estrategiaren zioan determinismo kriminalari beste aukera bat emateko. Konponbide poliziala goresten duen politikaria bizitza publikotik erauzi beharko lukete espainiarrek, baina, zoritxarrez, soilik geure eguraldia eta izaera madarikatzeko so egiten digute Madriletik.

Euri tanta bakan batzuek berehala aldarazten dute Zurriola inguruko hondartza giroa. Jazzaldia eta gero biltzen dituzte Heineken-en jaima berdeak eta normaltasuna nagusitzen da; toldoek ez dute itzalik ematen, surflariak badira olatuak harrapatzeko gauza eta oinak hondarrean sartzean epeltasuna baino ez da sentitzen. Itsasoa ez da mehatxagarri agertzen bere atzerabidean, eta marea behean isurtzen diren malko bakarrak bi opor asteetan beren larrua eta denon etorkizuna belztu nahi dituztenenak dira. Aterkia dute zigor-makila eta negarra hizkuntza. Ustezko handitasuna ederresteko berezkoa dute obsesioa Espainian, eta lehia horretan ez dugu sartu behar. Marearen gora eta behera ezagututa baliatu behar dugu itsasoaren indarra, eta urtearen balantzea izozki bat bezala zupatzen dutenei hobe genuke idiaren egonarriz erantzungo bagenie. Julen Gabiriaren nobelaren titulua gogoratuz, «Han goitik itsasoa ikusten da», eta ikuspegi hau geureganatzeko gora egiten jarraitu beharra dago derrigorrean.

Toalla astintzen hasia naiz, hondar aleak kentze aldera. Lekutan daude olatuak eta harea lodi-lodi dago, hainbeste, non zaila dirudien eremu konkistatutzat hartzea sonbrilla baten laguntzaz. Zerbait gehiago beharko dute, eta horren jakitun jo eta su ari dira batzuk, negar zotinez hondarra zulatuz. Urkulluk ideia bat barreiatu du etengabe uda honetan: sentimendu indartsu bat sorrarazi nahian edo, tragediaren alegoria bilatu du ETAren lepotik, erakunde armatuak egin zezakeena baino, EAJri ongi letorkiokeena zabalduz. Basagoiti ere, malko kontuetan txapeldun: Getxoko zinegotzi «pepero» bat azokan iraindu zutela eta, apokalipsiaren iragarle moduan titular nagusietan. Elgoibarren bizi nintzen garaikoa zen Karmelito, herriko atzeratu xarmangarria, eta gogoan dut zenbat gustatzen zitzaion orkestra eta txarangaren aurrean joatea. Barka diezadala Karmelitok, baina traza berekoak dira asko eta asko gurean, instituzio edo partidutik bapo kobratu eta lehen lerroko ospe efimeroaren bila, arazoei ekin beharrean, arazoak betikotzen dituzten horiek. Argazkirako ongi kokatutzea kezka bakartzat duten horien negarrek artifizialki igoarazten dute marea, baina «gaizkia eta ongia» baino «txorixua eta ogia» dute bizi-arau, beraz, olatu horiek ez gaituzte itoko.

Eta gainera desesperazio puntua ere badute. Bestela, nola uler daiteke Evo Morales-en agintaldia berresteko deituriko erreferenduma gainbegiratzera Iñaki Anasagasti bidaltzea. Orri hauetatik Tasio Erkiziaren ibilbidea irrigarri uzteko tamainako ahaleginak egin zituen senatari espainiarraren piura txarangaren aurrean zipoka eta saltoka joatea baino askozaz larriagoa da. Karmelito bihozbera musikak zeraman. Anasagastik, ordea, musika eta banda eraman du. Dena delarik ere, Euskal Herrian bezala Bolivian ere: Evo garaile. Muin honetatik itsasoa ikusten da. Astiro bada ere, marea jaitsiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo