Bilboko Aste Nagusia 2008
Giro ezin hobea eta eguraldi bikaina, Aste Nagusiaren hasierako ekitaldian
Erlojuan arratsaldeko seiak jotzeko minutu gutxi falta zirenean hasi zen Arriaga antzokian 30 urte bete dituen Marijaiari harrera egiteko ekitaldia
Ibai BARRIOS
Txistularien musikaz lagunduta heldu ziren Arriaga antzokira aurtengo eta iazko pregoilari eta txupinerak, Bilboko alkate arekin, zinegotziekin eta konpartsetako ordezkariekin, eta inguruan jendetza zutela.
Ekitaldi ofizialari behar bezalako hasiera emateko bi neska-mutilek ohorezko aurreskua dantzatu zuten guztion gozamenerako, momentu hunkigarria bertan zeuden hainbatentzako. Segidan, eta erlojuan arratsaldeko seiak puntu-puntuan zirelarik, hasi zen ekitaldia. Bertan, aurten 30 urte bete dituzten konpartsei aipamen berezia egin zieten, alkatez mozorrotuta zegoen konpartsako kide bat ere bertan zelarik.
Jarraian, iazko pregoilari Kepa Junkera eta Larraitz Cisneros txupinerak eginkizun aldaketa egin dute aurtengoekin, hau da, Aitor Elizegi sukaldaria eta Algara konpartsako kide den Isabel Isazelaiarekin. Gainera, bi emakumeek elkar besarkatu zuten, konpartsen eta batez ere une horretan zegoen zirrara eta urduritasun sentsazioagatik.
Santiago Diaz El Perro Chico jatetxearen jabea ere omendu nahi izan zuten bertan, bera baita aurtengo Ohorezko Bilbotarraren saria jaso duena. Jaiari egindako ekarpena eta hiriaren sentimendua helarazteagatik jaso du aipatutako domina. Ondoren, jaietako zapiak lepoetan jartzeko txanda heldu zen: pregoilari eta txupinerak batak besteari, eta Bilboko alkate eta Isabel Sanchez-Robles zinegotziak ere elkarri jarri zizkioten zapiak. Ekitaldia jaietan ondo pasatzeko gonbitarekin amaitu orduko, poza eta era berean urduritasuna nagusi zen ordu erdi eskas falta baitzen pregoia eta txupinazoa hel zedin. Duela 25 urteko Aste Nagusian izan ziren uholdeei ere aipamen berezia egin zieten, gertaera nahiko lazgarria izan baitzen 1983ko abuztu horretan han izan ziren herritar guztientzat.
Arriaga antzokiaren kanpoaldean giroa sekulako zen, jendetza ugaria eta konpartsak jaietako eztanda noiz helduko zain. Azkenean arratsalde polita eta eguzkitsua egin zuen Bilbon eta hori nabari zen jendearen parte-hartzean. Animazio itzela, beraz, eta errebindikazio pankartak nagusitu ziren, hala nola Euskal preso politikoak etxeratzearen aldekoak, eta okupazio eta autogestioaren aldekoak. Bilboko konpartsetako kideak ere euren ikurrinak airean zabalduz bertan ziren, nola ez, beraiek baitira modu batera edo bestera jaiari behar dutena ematen diotenak. Aipatzekoa da Uribarri konpartsak zeraman pankarta erraldoia, hain zuzen ere, 30. urteurrenari omenaldi propio eta umoretsua eginez «30 años de kozidas» leloaren bidez. Udaletxe barruan, giro lasaiagoa, eta, hala ere, jende ugari, tartean komunikabideak, era guztietako gonbidatuak, eta konpartsetako kideak elkarren artean hizketan, xanpaina edo freskagarriak edan bitartean beraientzat bereziki prestatu zuten koktelean.
Pregoilaria «pletoriko»
Arratsaldeko zazpiak baino lehen irten ziren Arriaga antzokiko balkoi nagusira aurtengo Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera, eta Bilboko alkatea eta Sanchez-Robles zinegotzia, Bilboko konpartsako bi kide ere bertan zirela. Barruan giro aparta, eta Aitor Elizegi pregoilariak «que chufla, que pasada» hitzak esan zituen balkoira irten eta behean hainbeste jende ikusita. Jarraian, eta puntu-puntuan, irakurtzen hasi zen, euskara eta gaztelania tartekatuz. Pregoian, Aste Nagusian lan egin behar dutenei, konpartsetako kideei eta jende guztiari eskaini zizkien hitzak, eta sukaldariei aipamen berezia egin. Elizegiri, pozik eta animoso, nabaritzen zitzaion une gozoa ari zela bizitzen eta horrela erakutsi zuen pregoiaren irakurketan.
Arriaga plaza jendez gainezka zegoela irten zen Marijaia bilbotar zein kanpokoak agurtzeko. Aurten 30 urte bete ditu eta inoiz baino politago ikusi dugu. Jarraian, Isabel Isazelaiak jaurtitako suziriarekin, eta «Gora Euskadi» zein «Gora Marijaia!» oihuekin batera, jaiak eztanda egin zuen Bilbon. Kepa Junkerak sortutako abesti mitikoaren lehen doinuekin jendea dantzan eta saltoka hasi zen Arriaga plazan. Ekitaldia nahiko txukuna izan arren, irina jaurtitzen ibili zenik ere izan zen. Baina ororen gainetik Bilboko ura eta konfeti zuri-gorriak izan ziren eztanda horretan gehien agertu zirenak.
Horren ondoren, Marijaia txosna guztiak banan-banan zabalduz joan zen konpartsen laguntzarekin. Ekitaldi horrek 9 eguneko festa erraldoiari hasiera ematea besterik ez du egin, izan ere, aurrean gelditzen da era guztietako ekitaldi sorta: kontzertuak, su-artifizialak, antzerkia..., guztion gozamenerako. Bizkaiko hiriburuan jaia hasi baino ez da egin!