KRONIKA San Antolinal Plentzian
Jende andana bildu da nekazal azokaren 116. urteurrenean
Zerbaitek egun berezia iragartzen zuen Plentziako Ibiltokian; egun handia, nonbait. Izan ere, musika, dantzariak, buruhandiak... nonahi aurki zitezkeen. Hala ere, arreta gehien 116. urteurrena bete duen nekazaritza eta abeltzaintza azokak erakarri zuen.
Ruben PASCUAL
Plentziako herritarrak San Antolinak ospatzen ari dira eta atzo, jaien harira, Nekazaritza eta Abeltzaintza azoka izan zen Ibiltokian. Goizeko bederatzietan hasi zen giroa berotzen. Hodeiek eta sargoriak Plentzia euriaren mehatxupean jarri zuten arren, apurka-apurka jendea animatuz joan zen.
Hori bai, herri guztia goiz jaiki zen arren, nekazariak izan ziren ohea uzten lehenak; goiz-goizetik zeuden prest saltokiak Plentziako Ibiltokian eta, horrenbestez, baserriko produktuen koloreen bizitasuna hartzea besterik ez zuten falta.
Egunero-egunero baserrietan lanean aritzen direnei, atzokoan saltzaile lanak egitea egokitu zitzaien. Lehen ordutik hasi ziren, pozik, gogotsu eta, zergatik ez, harro, beren produktuak eskaintzen. Gustura oso azaldu zituzten beraien produktuen ezaugarri eta berezitasunak.
Mota eta gustu guztiak asetzeko besteko eskaintza aurki zitekeen 50 saltokietan: barazkiak, abelburuak, frutak, landareak, euskal opilak, gozokiak, sagardoa, txakolina...
Jaietan ere elkartasuna
Herriko jaietako testuinguruan, parranda eta dibertsioaz aparte, ospakizunez gozatzerik ez dutenak eta laguntza behar dutenak ere izan dituzte gogoan. Horren harira, atzo azoka solidarioa egin zuten Plentziako ezker abertzaleak antolatuta.
Bestalde, larunbatean 55 bizilagun bildu ziren Euskal Herriak bizi duen demokrazia eza salatzeko. Ondoren, euskal preso politikoen aldeko bazkaria egin zuten eta, bazkalostean, omenaldia egin zieten presoei; 110 pertsona bertaratu ziren.