GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Txapelketa

Izeta IV.ak kubikoarekin erabaki du Elgoibarren

Zarauztar gazteak hiru jasoaldiren aldea kendu zion bigarren sailkatu zen Telleria II.ari, nahiz eta zilindroari altxaldi bat gutxiago eman zion

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Izeta IV.ak irabazi du Elgoibarren jokatzen den lehiaketa. Aiarra bikain ari da, sekulako uda egiten ari da, eta 30 urtez azpiko txapelketa hau irabazi du. Garaipena lortzeko faboritoetako bat zen eta ez du hutsik egin.

Izeta II.aren semea gorazko bidea hartuta dago, eta kubikoarekin, bere harriarekin, erabaki zuen Elgoibarren jokatutako lehiaketa. Hau ez da izan, gainera, aurtengo udan irabazi duen torneo bakarra, uztailean Alegian ere txapela bereganatu baitzuen. Orduan binaka jokatu zen txapelketa eta bere osaba, Izeta III.a, izan zuen lagun.

Lau harri-jasotzaile neurtu ziren Elgoibarren, eta 100 kiloko hiru harri erabili behar izan zituzten: zilindro zaharra, kubikoa eta bola. Harri bakoitzarekin hiru minututako denbora izan zuten parte-hartzaileek.

Izeta IV.ak lan oso ona egin zuen hiru harriekin, baina zilindroarekin ez zen onena izan; 33 jasoaldi eman zizkion lehen harri horri, baina erabaki kubikoarekin egin zuen. Aita bezalaxe, bera ere oso ongi moldatzen da kubikoarekin eta 22 jasoaldi eman zizkion, lehiaketa erabakita utziz. Bolarekin ere onena izan zen Izeta IV.a 21 jasoaldi emanda. Hiru harriak batuta, guztira 76 jasoaldi egin zituen zarauztarrak.

Bigarren Telleria II.a izan zen. Berak ere lan bikaina egin zuen. Zilindroarekin onena izan zen, 34 aldiz berdindu baitzuen harria bizkar gainean. Kubikoa 19 aldiz jaso zuen eta, azkenik, bola, 20 aldiz berdindu zuen. Horrenbestez, amaieran 73 jasoaldi egin zituen guztira.

Hirugarren, Bertiz sailkatu zen. Nafarroako txapelduna ongi aritu zen eta bere lana ere ez zen txarra izan: 32 aldiz berdindu zuen zilindroa, kubikoa 20 aldiz jaso zuen -Telleriak baino bat gehiago-, eta 18 aldiz jaso zuen bola. Guztira, beraz, 70 jasoaldi egin zituen.

Azken sailkatua Jokin Eizmendi izan zen. Zilindroari 32 jasoaldi eman zizkion, 18 kubikoari eta, azkenik, bola, 16 aldiz berdindu zuen bizkar gainean. Guztira, 66 jasoaldi egin zituen.

Apustua

Hilabete honen azkeneko igandean neurtuko dira Tolosako zezen-plazan Aimar Irigoien eta Izeta II.a. Apustu honek sekulako ikusmina piztu du, eta garbi dago zezen-plazako harmailak bete egingo direla. Sarrerak jadanik salgai jarrita daude, eta ziztu bizian ari dira saltzen. Beraz, desafio hori bertatik bertara ikusteaz gain leku on batetik ikusi nahi dutenek, mugitu beharra dute, sarreren salmenta oso ongi baitoa esan bezala.

Sarrerak 45 eurotan jarri dituzte salgai, eta honako herri hauetako ohiko lekuetan eros daitezke: Tolosan, Azpeitian, Azkoitian, Villabonan, Andoainen, Urnietan, Aian, Errezilen, Leitzan, Asteasun eta Itziarren. Gero, egunean bertan ere, Tolosako zezen-plazako leihatilan salgai egongo dira.

Apustuak egin nahi dituztenak ere, horretarako jarritako makina dute jadanik Tolosan, Kantabriko tabernan. Horrenbestez, apustu horren gainean dirua jokatu nahi duenak, bertan izango du aukera, pasa den ostiraletik aurrera tabernan baitago makina. Abenduan Arriak V.ak eta Patxi Mindegiak jokatuko duten aizkora desafioko apustuak ere egin daitezke Tolosako Kantabrikon jarritako makina horretan.

Harri-jasotze munduko hilabetea betetzeko, ordea, apustu hori baino astebete lehenago, Marijose Sardon izango da protagonista. Izan ere, 100 kiloko bola jaso nahi du Irurako plazan; emakume batek ez du inoiz horrelakorik lortu.

Sarrerak

Izeta II.ak eta Irigoienek irailaren azkeneko igandean Tolosako zezen-plazan jokatuko duten apustu handirako sarrerak salgai daude jadanik. Sarrerak eskuratu nahi dituztenek 45 euro ordaindu beharko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo