GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-zulatzea

Gallartak eraman du Ligako azken saioa

p038_f02.jpg

J.L. | DONOSTIA

Amaitu da Euskal Herriko Liga, eta Gallartak eraman du azken jardunaldia. Gertatzen zena gertatu, txapelketa erabakita zegoen azken saio horren aurretik, Jaizubiak ziurtatuta baitzeukan azken garaipena.

Hala ere, azken jardunaldira bigarren postua erabaki gabe heldu zen txapelketa, eta postu hori, azkenean, Trapagaranentzat izango da, nahiz eta Burdin Gazteak taldearekin berdinduta geratu den. Azken jardunaldian, Jaizubiak, txapeldunek, laugarren amaitu zuten.

Irabazlea, horrenbestez, Gallarta izan zen 19 zulo eta 8,5 zentimetrorekin. Bigarren Burdin Gazteak izan zen 15 zulo eta 9,2 zentimetrorekin; hirugarren Txorierri sailkatu zen 15 zulo eta 1,7 zentimetrorekin; laugarren geratu zen Jaizubia 15 zulo eta 1,7 zentimetrorekin; bosgarren Trapagaran, 14 zulo eta 5 zentimetrorekin; seigarren Kabiezes, 13 zulo eta 7,7 zentimetrorekin; zazpigarren Aldai Alde izan zen 13 zulo eta 5,9 zentimetrorekin; zortzigarren Errekatxo geratu zen 10 zulo eta 7,7 zentimetrorekin eta azkena, berriz, Arboleda geratu zen 9 zulo eta 4,6 zentimetrorekin.

Txapelketa amaituta, sailkapen nagusia honela geratu da: Jaizubia izan da txapeldun, 80 punturekin; bigarren, Trapagaran 66 punturekin; hirugarren Burdin Gazteak, 66rekin; laugaren Gallarta 61ekin; bosgarren, Kabiezes, 46rekin; seigarren Aldai Alde 45ekin, zazpigarren Txorierri 44rekin; zortzigarren Arboleda 29rekin eta azkena, berriz, Errekatxo 12 punturekin.

Beste txapeldunak

Pasa den asteburuan, ordea, beste txapelketa batzuk ere jokatu ziren. Arazurin, emakumezkoen eta gizonezkoen Euskal Herriko txinga txapelketak jokatu ziren. Nesketan, Iriarte izan zen txapelduna, 30 plaza eginda. Bigarren, Sousa sailkatu zen 25ekin, eta hirugarren Sardon, 15 plaza eta 5,3 metrorekin. Esku bakoitzean 25 kiloko txingak erabili zituzten.

Mutiletan, berriz, Sukuntzak jantzi zuen txapela, 20 plaza eta 4,44 metro eginda. Bigarren Agireregabiria I.a sailkatu zen 18 plaza eta 4,95 metro eginda, eta hirugarren Hierro geratu zen 13 plazarekin. Esku bakoitzean 50 kiloko txingak eraman zituzten gizonek.

Zestoan, berriz, Gipuzkoako orga-jokoko eta zaku lasterketako finalak izan ziren. Orgarekin, Urreistik jantzi zuen txapela hiru itzuli eta 3/4 eginda. Bigarren Goikoetxea sailkatu zen bi itzuli pasarekin. Zaku lasterketan, berriz, Mutrikuko San Jero- nimo taldeak irabazi zuen 1.35eko denborarekin. Baliarrain izan zen bigarrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo