GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Lekeitioko San Antolin Torneoa

Izenek izana baduten jakitea da kontua uda amaieran

Behin irailean sartuta, udako bosgarren torneoa hasiko da gaur Santi Brouard pilotalekuan. Olaizola II.a-Beloki eta Gonzalez-Barriola zer mailatan ote daude?

p039_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Donostiako Torneoa hala-moduz amaitu eta atsedena hartzeko betarik gabe, gaur arratsean hasiko da Lekeitioko San Antolin Torneoa, udako bosgarren torneo garrantzitsua. Lehen finalerdian, Olaizola II.a-Beloki eta Gonzalez-Barriola bikoteak neurtuko dira (Santi Brouard pilotalekua, 18.15ean; ETBk gauean eskainiko du partida).

Uda badoa aurrera apurka-apurka eta pilotarien egoera fisikoak zer esana izango du hemendik aurrera. Horregatik, enpresek, ahal duten heinean, zenbait pilotariri atsedena eman nahi diote. Aspek Titin eta Xala kanpoan utzi ditu; Asegarcek, berriz, Oinatz Bengoetxeari arnasa hartzen uztea erabaki du. Iaz Titin eta Lasak lortu zuten garaipena Lekeition.

Horiek horrela, gaur Aimar Olaizolak Beloki izango du bizkartzain, San Fermin Torneoan finalera iritsi eta irudi ederra eman zuen bikotea errepikatuz. Hala ere, ikusi egin beharko da Goizuetako aurrelariak zer nolako maila ematen duen, partida asko jokatzen ari baita eta Donostian ez baitzuen asmatu.

Aurrean, Sebas Gonzalez eta Abel Barriola izango dituzte. Aspekoek Donostian ere batera jokatu zuten eta final-laurdenetan joan ziren kalera: ez batak eta ez besteak ez zuten espero zen mailarik eman. Ongi jokatuz gero bikote bikaina dela argi dago, baina Gonzalezek zalantza asko sortzen ditu aurreko koadroetan. Azkaindarra denbora luzez egon da min hartuta eta jokoa hartu ezinik dabil.

Gaurko irabazleek bihar ezagutuko dute finalean izango dituzten aurkariak. Bigarren finalerdia ere arratsaldean (17.00) jokatuko da eta Berasaluze VIII.a-Begino eta Martinez de Irujo-Eulate neurtuko dira bertan. Hor Eulate izango da berrikuntza nabarmenena, udako lehen torneoa baita beretzat aurten. Pablitok eta Aritzek, berriz, azkenaldian moda-modan dagoen bikoa osatuko dute Donostian irabazi ostean.

Mikel Goñik ez du hausturarik

Bestalde, asteburuko lesioen balantzea egiteko garaia ere bada. Aspek jakinarazi duenez, Mikel Goñik ez du hausturarik eskuin sorbaldan eta minaren aurkako tratamendua jarri diote. Besoa lotuta eraman beharko du osatu artean. Patxi Ruizek, aldiz, hernia diskala du eta oraingoz ezin da zehaztu osatzeko epea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo