GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Iheslariak eta argiaren etengailua

Hainbat arrazoirengatik, uda amaierako sasoi hauxe izaten da Irakeko egoeraren balantzeak egiteko garai aproposena. Baina aurten, dela Afganistan edo Georgia bezalako eszenategi batzuetako zalapartagatik, dela Etxe Zurirako lehian direnek gaia erabat neutralizatzea hitzartu dutelako, inork ez duela hara begiratu nahi dirudi. Ezta bertatik albiste mamitsuak jasotzen direnean ere.

Egia esan, gaia albistegien lehen planotik desagertu zenez geroztik arduratu ez denari kosta egingo zaio egungo egoeraren ildo nagusiak ulertzea. Are gehiago hemendik hilabete edo urte batzuetara etor litekeena usaintzea. Herrialdea bake itxuran dagoela esatea ere zilegi da. Bortxaz hildakoen kopurua «hutsaren hurrengoa» da, Irakeko parametroetarako. Ekonomia ere suspertzen ari da, petrolioaren ustiapena hobetu eta salneurriak goitik dabiltzalako.

Baina itxura horren barrenaldeak lasaitasunerako aukera gutxi ematen du. Biolentziaren beherapenak zergati argiak ditu. Moqtada al Sadren agindupeko miliziak urtebete darama su-etenean eta, gainera, behin-betikotu egin du tregua. Baina horrek ez du esan nahi desagertzear direnik: irakiar Armada eta Polizia ofizialaren barnean duten presentzia indartzen ari dira; eta gainerakoan, Libanoko Hezbolaren ereduko (eta prestameneko) milizia bihurtu nahi dute Mahdiaren Armada. Beste aldetik, duela urtebete arte insurgentzia sunniaren bizkarrezurra osatzen zuten haiexek dira egun estatubatuarrek, diruz ordaindu eta entrenatuta, Awakening deitzen duten mugimenduko milizianoak. Ehun mila inguru omen. Hemendik aurrera Malikiren Gobernuak berak ordain ditzan nahi dute okupatzaileek; burutik eginda daudela uste al duten erantzun diete agintari xiiek. Eta kurduek, de facto independente izaten (eta euren petrolioa ustiatzen) jarraitzea beste helbururik ez dute.

«Azkenak, itzal dezala argia», zen garai bateko esapidea korrika ihesi abiatzea beste aterabiderik gabeko trantzeak igartzen zirenean. Eta noski, gehienetan azkenari ahaztu egiten zitzaion argia itzaltzea, aurreragoko eginkizunak bazituelako. Orain Iraken suma dezakegunak alderantzizko jarraibidea dirudi: ihesi abiatzeko lehen urratsa, argiak itzaltzea izan behar du. Hartara, ondorengo lotsagarrikeria guztiak ez direlako ikusiko. Hauxe da nonbait Petraeusek Vietnamgoaren hausnarketatik atera zuen ikaspen nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo