GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Balzak ateak itxiko dizkie kexua agertzera joango zaizkion senideei

Lakuako Barne Sailak euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa galarazi izanak haserrea piztu du presoen senideen artean. Izan ere, Etxeraten ustez, presoen egoera bera ezagutaraztea debekatu nahi da neurri horrekin. Euren kexua helarazteko Javier Balzaren bulegoan aurkeztuko direla ere jakinarazi dute. Haatik, Barne Sailak azkar asko erantzun eta senideak ongi etorriak izango ez direla iragarri du.

p011_f01_111x111.jpg

Oihana LLORENTE |

Istiluak gerta daitezkeela argudio hartuta Lakuako Gobernuak datorren igandean euskal preso politikoen eskubideen alde Donostian antolaturiko manifestazioa debekatu izanak «zur eta lur» utzi ditu presoen senideak. Hori dela eta, agerraldia egin zuten atzo Donostian barnean duten «haserrea eta harridura» adierazteko. Salaketaz haratago, bihar bertan senideen ordezkaritza bat Javier Balza EAEko Barne sailburuak Lakuan duen bulegora joango dela jakinarazi zuten. Balzari berari euren haserrea adieraztea da xedea.

Azkar asko erantzun zuen ordea Barne Sailak eta bere bulegoko ateak itxita aurkituko dituztela jakinarazi zien presoen senideei. Etxerat elkartea Lakuan aurkeztea «antzerki mediatikoa» besterik ez dela esan eta datorren igandeko manifestazioa «soilik erabaki judizial batek baimenduko» duela gehitu zuen Balza buru duen Barne Sailak komunikatu batean.

Istiluen aitzakia

Josune Dorronsoro eta Polentxi Goikoetxea Etxeraten izenean mintzatu ziren atzo, eta beste behin ere mobilizazio bat debekatu izanak euren «pazientzia agortu» duela jakinarazi zuten. Goikoetxearen hitzetan, helegite administratibo batek ezin du, inolaz ere, oinarrizko eskubide bat galarazi. Gainera, era horretako gertakariak Euskal Herriaz gaindi «pentsaezinak» direla mahairatu zuen.

Euskal gizarteak preso eta errefuxiatuek bizi duten egoera urte luzez era baketsuan salatu izan duela gogoratu zuten atzokoan. Lakuako Gobernuak manifestazioa galarazteko argudio gisa erabili dituen istiluen inguruan, berriz, «pairatzen dugun eskubide murrizketaren ondorioa» direla nabarmendu zuen Goikoetxeak. «Adineko jendea lurrean botata, haurrak negarrez, buru irekiak... Guk ez dugu argazki beldurgarri hori sortzen», erantsi zuen amorratuta.

Etxeraten iritziz, «zoritxarrez», euskal gizarteak konpondu gabeko mila gai ditu kalean aldarrikatzeko eta, euren esanetan, «ez Balza, ez epaileak, ezta gobernuak ere ez dira inor hori galarazteko». Horiek horrela, dei zuzena egin zioten Balzari bere jarrera aldatu eta arazoen konponbidearen alde egiteko.

Balza, «bere kabuz»

Debekuaren iturburua Gasteizen bertan dagoela ohartarazi zuten Etxerateko kideek. Izan ere, datorren igandeko manifestazioaren harira Gobernu espainola eta epaileak isilik egon diren bitartean, mobilizazioa debekatzeko erabakia Balzak «bere kabuz» hartu du, atzo kritikatu zutenez. Manifestazio eta adierazpen eskubideen «urraketa argia» deritzote horri eta erabakiaren funtsa Donostiako kaleetan egin nahi zen salaketa bera «isilaraztea» dela nabarmendu zuten. Finean, euren esanetan, ehunka euskal herritarrek presondegi frantses eta espainoletan bizi duten egoera euskal gizarteari agertaraztea ekidin nahi izan du Gasteizko Gobernuak.

Kriseilua marraztuta duen zapi zuria soinean zuten hamarka senidek babestu zituzten atzo Goikoetxea eta Dorronsoro, Ibarretxe buru duen Gobernuari kritika gogorra egiten zioten bitartean. «Zuen hipokresia eta kontraesana sekulakoa da». Horrela mintzatu ziren, beren hitzak Javier Balzari eta berarekin batera Lakuako Gobernua osatzen duten guztiei zuzenduta.

Gasteizko Gobernuaren kontsulta aurrera eramateko xedez erabakitzeko eskubidea galdeginez hilabeteak igaro dituztela gogoratu, eta Estrasburgoko epaitegira zuzendu nahi duten salaketan Estatu espainolak adierazpen askatasuna eta biltzeko eskubidea urratzen dituela salatzen dela ekarri zuten gogora Etxerateko eledunek. Haatik, Gasteizko Gobernuak eskubide horiek beraiek «bere herriari ukatzen» dizkiola ikusita, Europara «zein zilegitasunarekin ote doan» itaundu zuten.

protestaldia

Francisco Palacios preso santurtziarra gose eta egarri greban dago ostiralaz geroztik Langraitzeko espetxean. Askatasunak adierazi duenez, ziegan preso arrunt batekin izateari uko egin zion eta gela psikiatriko batean sartu zuten. Ordutik gela horretan dela salatzeko xedez abiatu du gose eta egarri greba.

Errepresioa «ikaragarri» areagotu dela deritzo Etxeratek

Euskal presoei zein euren senideei zuzendutako errepresioak udan zehar «areagotze ikaragarria» izan duela jakinarazi eta makina bat adibide jarri zituzten atzo mahai gainean. Nafarroa aldetik iritsitako tortura testigantzak eta Guardia Zibilak gauzatutako Alberto Lopez barañaindarraren bahiketa aipatu zituzten. Zigor Goikoetxearen espetxeratzea ez zuten ahantzi; hala, bere kontrako autoan preso politiko baten anaia izatea zirkunstantzia larrigarri gisa jo izana gogor deitoratu zuen Etxeratek. Hori guztia «inpunitate osoko estrategia» baten barnean gertatzen dela esan, eta Estatu espainoleko nahiz bertako politikari eta komunikabideei egotzi zieten estrategia horren erantzukizuna. O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo