GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Otsagabiarrek jaien egun handia ospatuko dute gaur atharraztarrekin

Otsagabiako besten egun handia ospatuko dute gaur, eta parte hartzera gonbidatu dute Atharratzeko herria. Muskildako baselizan dantzariek eskainiko duten saioa eta arratsaldean herriko plazan atharraztarrekin eginen dutena dira gaurko ekitaldi erakargarrienak.

p018_f02_097x143.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Otsagabiako besten egun handia ospatzen da gaur eta, ohi bezala, Pirinioen bi aldeen artean betidanik izan diren harreman estuen lekuko, Atharratzeko herritarrak gonbidatu dituzte otsagabiarrek. Ongi etorria eguerdian eginen diete, eta arratsaldean bi herrietako dantzariak elkarrekin arituko dira Blankoa plazan. Arratsaldeko saioa izanen da bestetako ekitaldirik nabarmenetakoa.

Atzo hasi zituzten bestak, eguerdian botatako txupinazoarekin. Gabriel Gembero Esarte, Erreka-idorra taldeko zinegotzia, izan zen suziria jaurti zuena. Jarraian, erraldoi eta kilikien konpartsa atera zen, herriko kaleak bestaz betez. Behin besta giroan sartuta, txistorra jatea izan zen Blankoa plazan, Zaraitzu bailarako fanfarreak giroa alaitzen zuen bitartean. Arratsean, bezperak amaitu eta gero, Otsagabiako dantzariek bestetako lehen saioa eskaini zuten. Egun handiaren bezpera izanik, itxura apalagoarekin atera ziren, beltzez jantzita.

Ez da hala izanen gaur. Ohi bezala, Ezpeletako Txanbezpel taldeak eta gaita-jotzaileek herrian zehar eginen duten dianarekin hasiko da eguna. Ostean, 12.00etan, herriaren gainaldeko Muskildako baselizara igoko dira herritarrak. Bertan, mezaren ondotik, dantzarien bigarren saioa burutuko da. Kolore biziko jantziekin eta zintez apaindurik dotore aterako dira dantzariak.

Kalderete txapelketa

Arratsaldeko dantza saioaren ondotik, Txanbezpel taldeak lagunduta herri-abestiak kantatuko dituzte, eta 22.00etan gaita-jotzaileek dantzaldia eskainiko dute. Dantzaldiarekin batean, 22.15ean, su-artifizialak izango dira. Gaueko dantzaldia Nexo taldearekin burutuko da. Bihar berriz, kalderete txapelketa eginen da Otsagabian. Patatera deitutako inguruan izanen da eta hiru sari banatuko dituzte: irabazlearentzat bildotsa, bigarrenarentzat txerrikumea eta hirugarrenarentzat gazta eder bat.

Asteazkenean, Haurren Eguna ospatuko da, eta eurek botako dute txupinazoa. Goizean dantzari txikiek saioa eskainiko dute eta arratsaldean Txipilandia ekitaldia izango da. Eguna, pilota eta dantzak osatuko dute.

Bestak ostegunean amaituko dira Auzoen Egunarekin. Haurrentzako puzgarriak eta bonba japoniarrak antolatu dituzte goizean zehar eta, eguerdian, auzoen bazkarian bilduko dira otsagabiarrak. Arratsaldean, berriz, pailazoen emanaldia izango dute herriko haurrek. Arratsean, 20.00etan, mozorroen dantzaldi berezia burutuko da. Azkenik, Joselu Anaien emanaldiarekin luzatuko da besta goizaldera arte.

anaitasuna

Pirinioen bi aldeak lotuta egon dira beti, Zaraitzu bailarako herritarrek zuberotarrekin historikoki izandako harreman estuak erakusten duen bezala. Horren adierazgarri da Otsagabia eta Atharratze herrien arteko adiskidetasuna.

«Bobo» y los danzantes centran la atención

La de los danzantes de Otsagabia es una de las más especiales entre las actuaciones festivas de la localidad pirenaica. El grupo, formado por ocho danzantes, es encabezado por el curioso personaje de «Bobo», quien, entre otros números, preside el Paloteado, una sucesión de bailes que representan un escenario de batalla.

Ayer ofrecieron su primera actuación y hoy será el día grande, por lo que lucirán coloridos trajes con cintas. Al mediodía actuarán en la ermita de Muskilda y ya por la tarde lo harán en la plaza Blankoa junto con los dantzaris de Atarratze que han sido invitados especialmente. J.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo