GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

AIZKORA | Errekor saiakera

Agitek kanakoa moztu du bost metroko alturan

Azpeitiarrak lan bikaina egin zuen, 54 minutu eta 48 segundoko marka ezarriz. Kanakoa berez da enbor zaila eta alturan aritzeak asko zailtzen du egoera.

p034_f01_444x444.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Agite aizkolari azpeitiarrak marka berria ezarri zuen atzo Oitzen, kanako enborra bost metroko altueran moztu baitzuen. Gipuzkoar beteranoak 54 minutu eta 48 segundotan erdibitu zuen enborra.

Jende ugari batu zen atzo Oitzen saioa ikustera. Izan ere, marka saiakeraz gain, Nafarroako Hirugarren Mailako finala jokatu zen, eta jendeak ez zuen ikuskizun hori galdu nahi izan.

Beharrezko beroketak egin ostean, bost metrora igo zen azpeitiarra, han baitzuen kanako enborra jarrita. Berez ere enbor handia eta zaila baldin bada, zailtasun horiek areagotu egiten dira altura horretan jarrita. Hala ere, Agite trebea da altueran enborrak mozten, eta atzo lan bikaina egin zuen, helburua ongi bete baitzuen.

Zaleek ere horrela ulertu zuten. Hala, helburua bete eta errekorra egin ostean berriz ere lurrera jaitsi zenean, txalo artean hartu zuten azpeitiarra. Ez zen gutxiagotarako, marka handia egin baitzuen.

Agite bera ere oso gustura zegoen. Bere helburua altuera horretan kanakoa erdibitzea zen, eta hori lortu zuen. Horrenbestez, oso gustura geratu zen. Egindako lan bikaina eta gero, marka hor geratuko da norbaitek egunen batean ondu nahi baldin badu saia dadin.

Larretxea

Nafarroako Hirugarren Mailako finalean, berriz, ezuste handia izan zen, Ohian Larretxeak jantzi baitzuen txapela. Patxi Mindegia zen irabazteko faboritoa, baina Zubietakoak bigarren amaitu zuen azkenean.

Lehia oso estua izan zen, baina amaieran Larretxea gailendu zen, Mindegiari 22 segundoko aldea kenduz. Aizkolariek bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten.

Kirolari guztiek egin zuten lan ona. Hirugarren Mailako marka Ander Erasunek zuen iaztik; hain zuzen ere, 8.39koa zen marka hori. Atzo, aldiz, finalean aritu ziren bost aizkolariek jaitsi zuten denbora hori; hala, azken izan zen Kañamaresek ere bederatzi segundoko tartea kendu zion iazko txapeldunaren markari. Atzoko garaipenaren ostean, Larretxea mailaz igoko da.

 
Nafarroa

Ohian Larretxeak ezustekoa eman eta Nafarroako Hirugarren Mailako txapela jantzi zuen atzo. Mindegia zen faboritoa, baina Berakoa gailendu zen tarte txikiarekin.

Denbora ona

Atzo finalean aritu ziren aizkolari guztiek ondu zuten pasa den urtean maila bereko finalean irabazleak egindako denbora. Larretxeak bi minututan jaitsi zuen iaz Ander Erasunek egindako denbora.

Euskal Herriko finala non egingo den, zehaztu gabe

Euskal Herriko Txapelketako finala non jokatuko den inork ez daki. Aurten Arabari egokitzen zaio antolatzea, eta bertan, Araian, jokatu zen kanporaketa. Finala, ordea, ez dago argi non jokatuko den. Araban jokatzeko lekua bilatzeko arazo handiekin dabiltza, eta litekeena da handik kanpora jokatzea.

Nazabal, Txapartegi, Lopez, Azurmendi, Olasagasti eta Vicente aizkolariek txartela lortuta dute, baina oraindik itxaron egin beharko dute finala non eta noiz jokatuko den jakin ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo