Josebe EGIA
Gaitz erdi edo ke gortina
Gaur Hondarribian alardea ospatuko dute. Batzuek eta besteek. Hau idazten dudanean ezin jakin batzuek besteei zer prestatuko ote zieten ospakizuna zapuzteko eta nor den nagusi jakinarazteko. Konplize eta guzti, batzuk nahastu egiten baitira babestu beharrekoak eta erasotzaileak bereizteko orduan. Argi eduki beharko luketen horiek, gainera.
Izan ere, emakumearen eskubideak tartean daudenean joera orokorra izaten da gauzak nahastea, epeak luzatzea, aldekoak eta kontrakoak altxatzea ezer zehatza lor ez dadin... Edo babesten ez gaituzten lege babesleak bere horretan mantentzea urte luzez.
Horren adibide ezin hobea 1985eko Abortuaren Legean dugu. Antza denez, PSOErentzako orain da une aproposa lege horrek dituen hutsune guztiak konpontzeko. Ez lehen, orain baizik. Zaharkitua geratu delako, ez duelako emakumearen amatasunari buruz erabakitzeko eskubidea defendatzen, bai emakumea eta bai emakumeari laguntzen dion sendagilea kriminalizatzen duelako, ezin delako izan emakumea zein erkidegotakoa den arabera zailtasunak izatea edo ez, edo zuzenean ezinezkoa izatea... Laburbilduz, aspaldi argi eta garbi dauden arrazoiak direla eta, ez aurreko legearen testua eraberritzeko, baizik eta testu berri bat eratzeko unea iritsi dela aditzera eman dute. Epe eta guzti; urtebete, hain zuzen.
Berandu bada ere, aspaldi eduki beharko genukeen emakumeok eskubide hau bermatuta, hain argi ikusten den abiapuntutik orain lortuko bada, gaitz erdi. Asmo ona lan talde serioa eta profesionala eratzea da, nazioartean dagoen legediari begiratuz eta bakoitzaren onena hartuz, ahalik eta adostasun handienarekin lorturiko lege bat eratzeko. Argi dagoen abiapuntua, berriz, «epeen legea» deritzona izango litzateke, hots, adostu beharreko aste batzuen epean emakumea erabat aske izango litzateke haurdunaldia etetea erabakitzeko, eta ez luke zertan aski ezagunak ditugun hiru egoera tradizionaletan egon.
Borroka hori luzeegi badoa ere, orain izango bada unea, poztu egingo gara. Poztuko gara emakumea izaki aske eta independentea dela legeetan eta errealitatean isla dadin defendatzen dugunok.
Hala ere, abortuaren gaia izanik, Espainian tradizioz mundu guztia zutik jartzen duen gaia izanik, badaude susmo txarra ematen didaten kontu batzuk. Lehenik, PSOEk aukeraturiko unea. Abortuaren Legea erreformatzea edo beste bat egitea ez zegoen euren hauteskunde programan, eta krisi hitza etengabe entzuten ari garenean, «ke gortina» espresioa besterik ez datorkit burura, asmo on eta abiapuntu argiek betikoen artean kristoren eztabaida sor dezatela, arreta desbideratzea lortu eta ondoren, abortuaren gaia bere horretan mantentzen bada, beno... Dagoeneko tradizioa da hori ere. Bigarrenik, «ahalik eta adostasun handienak» ematen dit beldurra. Jakin badakigulako Espainian dagoen eskuin atzerakoiak zer nolako boterea duen, Eliza nola jartzen den eta duten makineria guztia nola erabiltzen duten.
Beraz, oraindik goiztxo da pozten hasteko. Ez, ordea, borroka horretan oraindik eta indar gehiago jartzeko. Justu orain.