GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Irakeko egoera «ona»ren gaineko ziurgabetasuna

AEBetako presidente George Bushek iragarri duenez, Iraken dauden soldadu estatubatuarren kopurua murriztu egingo dute urtarrila bitartean. Hil horretan, hain zuzen, utziko du berak AEBetako presidentetza. Tropa murrizketa 8.000 soldadukoa izango da, ia 150.000ko kopurutik. Ezer gutxi, egia esan, azkenaldion AEBek eta Bagdadeko Gobernuak Irakeko egoera nahiko «ona» dela edo gutxienik kontrolpean dagoela ziurtatu badute ere. Baliteke hala izatea, Afganistango egoeraren aldean, behinik behin; hala ere, mezu horrek bi gobernuen iritzi publikoaren aurreko beharren araberakoa dirudi. Izan ere, ez dator bat Iraken dauden agintari militarrek erakusten duten ziurgabetasunarekin. Horien arabera, Irakeko gaur egungo armada ez da hango segurtasuna bermatzeko gauza. Bestetik, badira AEBen soldatapeko zenbait milizia suni, indar estatubatuarrek alde egiten dutenean gobernuarekiko aliantzari nekez eutsiko diotenak, xiiekiko mesfidantza dela-eta. Eta ezin ahaztu kurduen eta gobernu zentralaren arteko tentsioak, Kirkuk eta Janakin hiriez jabetzeko lehia dela-eta. Horiek horrela, Bushek bere ondorengoari lan gaitza utziko dio, soldadu estatubatuarrak Iraketik alde egitearen gaineko erabakia, alegia. Irakeko gatazkaren edozein irtenbidek ezinbestekoa du okupazio indarrak handik joatea, baina honetara ezkero hori ere kontu korapilatsu samar bilakatu zaie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo