Juan Mari Eskubi Arroyo Durango 1936 Kultur Elkarteko lehendakaria
Berrizko herriari elkartasuna
Hilaren 11n Berrizen II. Errepublikaren eta Euskadiko I. Gobernuaren garaian (1936-1939) askatasunaren, justiziaren eta nazio- eskubideen alde euren bizia eman zuten berriztarrei gorazarrea egingo diete. Durango 1936 Kultur Elkarteak Berrizko herriari elkartasuna azaldu nahi dio.
Gerra garaian Berrizen Jose Agirre Lopez, Fermin Aranguren Alberdi, Gregorio Urkixo Alberdi eta Felipe Urtiaga Eguren fusilatu zituzten; Agustin Milikua Garitagoitia kartzelan hil zen; Felisa Barrueta Barrutia eta Maritxu Barrueta Barrutia Durangoko bonbardaketan hil zituzten; Anizeto Agirrebeitia Lazpita, Jose Luis Aizpuru Zuazo, Gregorio Albizuri Alberdi, Bitoriano Aldekoa Aranburu, Frantzisko Amezua Madariaga, Frantzisko Ariño Amesti, Juan Ariño Sabarte, Fernando Azpiri Fernandez, Primo Bastida Garitagaoitia, Damaso Bilbatua Etxeita, Toribio Elkoro Galdos, Kintin Gamiz Bikandi, Juan Gorritxategi Amezua, Bittor Isazelaia Larizubierrementeria eta Manuel Ledesma Corredor frontean gudari legez borrokan hil ziren; Julian Alberdi Aranzabal eta Bittor Bravo Olano desagertu egin ziren, frontean ari zela lehena, Gourseko (Frantzia) kontzentrazio-esparrutik irten eta gero bigarrena.
Baliteke zerrenda honetan izan ziren guztiak ez agertzea, baina orain arte egin den ikerketaren arabera, hauexek badira behintzat.
Berba hauen bitartez zorionak eman nahi dizkiegu antolatzaile guztiei, eta Durangaldeko herritarrei deia egin egun horretan Berrizera hurreratu daitezen.