Miguel Angel Zapirain Herripe Auzo Elkartea
Herrera: aldarrikapenei eutsiko diegu
Herripe Auzo Elkartekoek Donostiako Udalean parte hartzen duten alderdi politiko guztiei joan den ekainean, eta aste batzuk geroago Eusko Tren eta Gipuzkoako Foru Aldundiari bidali genien gure proposamena: «Komunikazio sarearen azterketa orokorra Herrerako eremuan. Azpiegituren mugen gainditzea eta hiri egitura biziberritzeko eta bateratzeko proposamena». Koldo Telleria eta Ager Iñarra arkitektoek landu dute proiektu alternatibo hau. Zoritxarrez, aipatutako instituzioengandik ez dugu jaso inongo erantzun ofizialik. Eskatu genuen, halaber, instituzioek eta Herrerako biztanle eta ordezkariek osatutako lan batzorde bat martxan jartzea, helburu bakar batekin: aukera guztion artean aztertu eta horrela auzoaren garapen iraunkorra bultzatu dezakeen bide egokiena bideratu. Ez eta erantzunik ere. Egoera horrela mantentzen den bitartean, guk geurean jarraitu behar dugula diogu, eskaerak eta protestak plazaratzen, geure bizi kalitate eskubidea defendatzen.