«Figaroren ezkontzak» antzezlan klasikoa, XX. mende hasierako Gasteizera ekarrita
«Figaro Garate. Las Bodas de Figaro»ren muntaia berria estreinatuko dute hilaren 17an Gasteizen. Bertan ekoitzia eta girotua da Iker Ortiz de Zaratek zuzentzen duen lan klasikoaren euskal bertsioa.
GARA | GASTEIZ
«Figaro Garate. Las bodas de Figaro» antzezlanaren bertsio berri batek zabalduko du Gasteizko antzerki denboraldia hilaren 17an, 20.30ean, Gasteizko Principal Antzokian.
Gasteizko Ortzai Antzerki Laborategiak eta Euskal Antzerki Dantza Konpainiak sortu dute antzezlan klasiko horren egokitzapena, Iker Ortiz de Zarateren zuzendaritzapean. Bertako konpainia izanik, gainera, Arabako hiriburua aukeratu dute lanaren estreinaldia taularatzeko.
«Figaroren ezkontzak» jatorrizko testua Pierre-Augustin Caron de Beaumarchaisek (Paris-1732-1799) idatzi zuen XVIII. mendean eta Sevillan (Espainia) kokatu zuen istorioa. Ortiz de Zarateren muntaiak 1910. urteko Gasteizera ekarri ditu pertsonaiak, baina gaiak bertsuak dira. Zuzendariaren esanetan, antzezlana klasikoa den arren, «gaurko gaiak jorratzen ditu».
Beaumarchaisen lana maitasun komedia bat da, «dibertigarria eta barregarria», gogorarazi zuen Ortiz de Zaratek, antzezlanaren zuzendariak eta aktoreak. Dena den, gai serioak lantzen ditu sarkasmoz eta ikuspegi kritikoz. Hala, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten du lanak, eta klaseen arteko desberdintasunaren amaiera eta baliabide gutxiko jendearen eskubideak aldarrikatzen ditu. Horri esker, Frantziako Iraultzaren garaian estreinatu zenean arrakasta handia lortu zuen. Urte batzuk geroago, aitzitik, Europako hainbat estatuko gobernuk mezu arriskutsua ikusi zuten lan horren eduki politiko eta sozialean, eta debekatu egin zuten.
Ortzairen ekoizpenaren kokagunea, esan bezala, XX. mendearen hasierako «Gasteiz txiki eta polita» da. Protagonistak, Susana (Amaia Cid), Figaro (Iker Ortiz de Zarate), Bittori (Teresa Ibañez), Doktorea (Imanol Fernandez), Kondea (Andoni Oporto), Kondesa (Inma Infantes) eta Querubin (Maite Urrutia) dira, besteak beste.
Argumentuari dagokionez, Almavivako Kondearen jauregian gertatzen da istorioa. Figaro, kondearen konfiantzazko maiordomoa, eta Susana, kondesaren dontzeila, gauean ezkontzekoak dira. Ordu batzuk lehenago Figaro senar-emazteen logela prestatzen ari da. Kondeak beraien ondoko gela zabala eskaini die eta Figaro pozik dago. Ez daki, ordea, kondearen asmoa aristokratek dontzeila ezkonberriekin harreman sexualak izateko «eskubidea» berreskuratzea dela. Susanari xantaia egin dio kondeak: baldintza hori onartu ezean, ez zion Figarorekin ezkontzeko baimenik emango. Kondeak, gainera, «eskubide» hori gauzatu nahi du ezkontzaren aurretik.
Figarok kondearen asmoen berri duenean, ordu batzuk baino ez ditu edukiko Susanarekin ezkontzeko kondearen «bidesaria» ordaindu barik. Istorioak aurrera egin ahala, Figaro konturatzen da, beraiek ez ezik, jauregiko bizilagun asko sufritzen ari direla kondearen gehiegikeriak direla-eta, baita kondesa bera ere.
Antzezlana: «Figaro Garate. Las bodas de Figaro».
Muntaia: Ortzai Antzerki Laborategia eta Euskal Antzerki Dantza Konpainia.
Lekua eta data: Gasteizko Principal Antzokian, hilaren 17an, 20.30ean.