GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Pasealekuko eskolak gernikarrentzat aldarrikatu dituzte

GARA |

Gernikako Pasealekuko eskolak herriarentzat izan behar dutela aldarrikatu du Astra Gernikentzako kolektiboak.

Hori onartu zuten gainera, pasa den uztailaren 18an egindako Udalaren Osoko Bilkuran, Astra proiektua bertan kokatzeko asmoa berrestearekin batera.

Puntu bikoa izan zen onartutako idatzia. «Pasealekua Gernikentzako» izan behar dela zioen lehenak, «eskolak udal jabetzara bueltatzearen alde» eginez. Bigarrenaren bidez, berriz, Pasealekuan «herritarrentzako interes publikoa duten proiektuak» kokatzeko urratsak ematea onartu zuten gehiengoz udal taldeek. Hala, era iraunkorrean liburutegia eta aldi baterako Astra proiektua bertara eramatea onartu zuten.

Hori aintzat hartuta, Lakuako Hezkuntza Sailari bulego batzuk kokatzeko leku aproposagoak eskaini zizkion Gernikako Udalak, baina «erantzuna ezezko biribila izan da», salatu dute herritarrek.

Haien esanetan, ez du inolako logikarik «herritarren mesederako hainbeste erabilera izan ditzakeen eraikin publiko eta historiko hau 16 bulegariren lantoki soil izatera bideratzea». Gainera, hala izanez gero «herritarren hitza ez errespetatzeaz gain, Gernikako espazio bizi garrantzitsuenetariko bat ere kolokan jarriko litzateke», haien hitzetan. Hori dela-eta, Lakuako Hezkuntza Sailari jarrera alda dezala eskatu diote, eta Pasealekua Gernikako herriarentzat izan dadila aldarrikatu dute beste behin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo