GARA > Idatzia > > Ekonomia

Dornierreko langileek epaitutako lankideen aldeko ekitaldiak egin dituzte

Enpresako zazpi langilek epaiketa izan zuten atzo duela bi urte informazio-pikete baten bidez lan eskubidearen aurka egitea leporatuta. Langileoi babesa emateko 200 pertsona inguruk elkarretaratzea egin zuten auzitegi aurrean eta enpresako %50ek lanuztea egin zuen.

p027_f02_148x108.jpg

GARA |

Dornier enpresako langileek Iruñeko Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo Nafarroako hiriburuko gune urdinaz arduratzen den lantegiko zazpi langileen epaiketa salatzeko. Horrez gain, bi orduko lanuztea egin zuten 09.30etik 11.30era.

Iruñeko enpresako langileek, hitzarmen kolektibo hobea aldarrikatzeko helburuarekin, 2006. urtean greba mugagabea bultzatu zuten. Ekimenaren ondorioz, zazpi langile auzipetu zituzten informazio-pikete batean parte hartzegatik.

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek osatutako enpresa batzordeak bultzatutako atzoko mobilizazioen bidez, langileek euren lankideei babesa eman nahi izan zieten. «Greba eskubidearen defentsan. Kriminalizazioari ez» lelopean, beste enpresa batzuetako ordezkari sindikalek ere hartu zuten parte Dornierreko langileekin batera.

Enpresa batzordeko iturriek aipatu zutenez, mobilizazio hauen helburua «askatasun sindikalaren kontrako erasoa salatzea eta grebarako eskubidea aldarrikatzea» izan zen.

Bestalde, enpresa batzordetik adierazi zutenez, «enpresak grebaren inguruko gertakariak epaituak izan behar zirela defendatzen zuen, eta fiskaltzak tesi hori bereganatzea oso larria da».

Aldi berean, langileei «lan eskubidearen kontra egitea» leporatzen diete. Gauzak horrela, fiskaltzak 18 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du eta akusazio partikularrak 20 hilabetekoa eta 1.800 euroko kalte-ordainak.

Atzokoa Dornierreko langileei egin zaien bigarren epaiketa izan zen. Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren eskakizun hauen aurrean eta gertakariek epaiketarik behar ez dutela adierazita, enpresa batzordeak absoluzioa eskatu du.

Aurreko epaiketa

Iragan martxoaren 10ean Dornierreko bi langile epaituak izan ziren ustez informazio-pikete baten bidez beste lankide batzuk mehatxatu eta iraintzeagatik. Langileen eskubideen aurka joateagatik salatu zituzten bi emakumeak.

Fiskaltzak hiru urteko kartzela zigorra eta 4.860 euroko isuna eskatu zuen bakoitzarentzat. Akusazio partikularrak, ordea, 20 hilabeteko kartzela zigorra, 1.800 euroko isuna eta 3.000 eta 6.000 euro bitarteko kalte-ordainketa. Apirilaren 10ean, epaileak errugabetu egin zituen enpresako bi langileak.

ZIGORRAK

Fiskaltzak 18 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Dornier enpresako zazpi langileentzat. Akusazio partikularrak, ordea, 20 hilabeteko kartzela zigorra eta 1.800 euroko kalte-ordainak eskatu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo