Joseba Leizeaga Irudigilea
Jaurlaritzak Francok bezala debekatzen du
Istilua Jaurlaritzak sortu du, hainbat herritarren manifestazio eskubidea behin eta berriz ukatuz. Eskubide ukapena istilu larria dela iruditzen zait, istilu larriagoen iturri
Urtero irailaren 14an Donostian euskal presoen aldeko manifestazioa egin ohi da. Azken urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzak istiluak egongo diren ustezko zantzuak aitzakia gisa erabili eta manifestazioa debekatu du. Berriz ere justizia prebentiboa, errepresio prebentiboa, gauzak gertatu aurretik epaitzea eta zigortzea. Istiluak ez dira gertatzen herritarrei duten manifestazio eskubidea bermatzen zaienean, eskubide hau indarrez ukatzean baizik. Zer esaten ari zara! Istiluak manifestariek euren begi, aurpegi eta gorputzekin gomazko pilotak jotzen dituztenean edo euren buru, hortz, sudur, artikulazio eta hezurrekin ertzain baketsuen porrak eta ezkutuak kolpatzen dituztenean eragiten direla esaten dutenak ere badaude faltsukeriaren zoologiko honetan.
Gerta daitekeena epaitu eta zigortzen den mundu honetan, gerta daitekeena, alegia, gertatzea nahi ez dena, zigortzeko epaitzen da. Gauzak gertatu aurretik, gertatzea nahi ez dena eta horiek zigortzeko herritarrak epaitzea faxismo hutsa da. Zer daki Jaurlaritzak manifestaziora joango diren herritarren asmoei buruz? Ezer ez edo, hobeto esanda, zero zapatero! Ezin dute herritar hauen asmoa jakin, ez dakite zer egingo duten, baina ez dute nahi ezer egin dezaten; beraz, egin lezaketen okerrena irudikatu eta kito! 14an egurra banatzera. Gero biolentoa beti bestea da.
Honelakoekin eta azkenaldiko basakeria errepresiboarekin gizarte kontrola areagotzeko bidean urratsak emanez, eskubideen murrizketaren autobidean murgilduta gaude, munduko ordena berriaren amaraunean. Begira mundu osoan gertatzen ari denari. Inork ezin du zer gertatuko den edo beste batek zer egingo edo pentsatzen duen jakin, ezinezkoa da, baina horretan oinarrituta manifestazioa debekatzeko ez dute lotsarik agertzen «bakezale-demokrata» hauek. Gainera, gerta daitezkeen gauza hipotetikoak saihesten aritzea beldur adierazlea da, gutxienez gerta daitekeenaren beldur izatearen adierazle. Beldurrik ez bada, gertaerak gertatu arte itxaroten da, eta istilurik edo antzekorik izanez gero neurriak hartuko dira, hori litzateke logikoena. Garai ilun eta ero hauetan, ordea, munduko ordena berriaren logika inkisitorial eta inperialista da nagusi; alegia, ez dago logikarik, agintariek gurekin nahi dutena egiteko eskubidea dute eta guk, aldiz, ez dugu ezertarako eskubiderik, edo soilik haiek toleratuko dizkigutenak, eta izorra hadi!, hau mauka. Gerta daitekeenaren beldur, edo beste asmo ezkutuengatik, zer gertatuko den irudikatuz eta fikziozko delitu bat leporatuz herritarrak euskaldunentzako Guantanamoetan sartzen ari direlarik, euren beldurra adierazten ari dira. Eta guztiok jakin behar genuke beldurtiari beldurra izan behar zaiola, inoiz ez baituzu jakingo, gehienetan neurrigabea izaten baita, haren erantzuna nolakoa izango den. Beldurtiak guztia kontrolatu nahi du, nahiz eta horretarako beste guztiak beldurtzen dituen. Beldurtiaren etsai nagusia bere beldur kontrolaezina da, beldurrak eraginda kontrola galtzen duenean, sadismo hutsez herritarrak beldurtu, egurtu, txikitzen ditu. Segundo batzuez bere beldurrak suntsituko dituelakoan egon da, baina berriz, komisaldegiaren lasaitasunean, konturatu denerako, buru-berokia eta balen aurkako txalekoa jarrita dutxatzen ari da.
Poliziak indarrez esku hartzea istilua da, ez istilua sortzea, istilu hutsa da, eta istilua eragitea. Istilua Jaurlaritzak sortu du, hainbat herritarren manifestazio eskubidea behin eta berriz ukatzean. Eskubide ukapena istilu larria dela iruditzen zait, istilu larriagoen iturri. Jaurlaritzak, ez duela istilurik gertatzea nahi esan du; istiluak eragotzi nahi dituenak, ordea, ez ditu edozein adinetako herritarrak egurtzen edo haien kontra gomazko pilotekin tiro egiten. Tresna horiekin biolentziaren monopolioa erabiltzen dabilenak istilua eragiten du, eta istilua eragin nahi du. Argi eta garbi.