GARA > Idatzia > > Kultura

Haurrentzako lau irakurgai jostagarri plazaratu ditu Elkarrek

«Ez zait irakurtzea gustatzen, eta zer?», «Tatuaje bat daukat, eta zer?», «Nikoleta eta gaua» eta «Markel Gelazikin» haur literaturako liburuak aurkeztu zituen atzo Elkar argitaletxeak. Pako Aristi, Xabier Mendiguren, Eider Rodriguez eta Leire Bilbao liburuen egileak han izan ziren.

p044_f01_148x088.jpg

GARA | DONOSTIA

Haurrak eskolan hasi berri dira aste honetan, eta ikasmaterialarekin batera ipuin jostagarriak ere eskura dituzte. Elkar argitaletxeak haur literaturako lau liburu plazaratu ditu. Atzo Donostian aurkeztu zituzten horien egileek.

«Nikoleta eta gaua» Eider Rodriguezek idatzi duen eta Arrate Rodriguezen marrazkiak dituen ipuinak iluntasunaren beldur den neskatilaren istorioa kontatzen du. Arratsalde batean, baina, mika zaharra ezagutu eta gauzen ikuspegia aldatuko dion sekretutxo bat kontatuko dio honek.

«Markel Gelazikin»en protagonista, ostera, narraskeriaren erdian gustura bizi den mutiko bat da. Bere amak etengabe esaten dio garbitzeko, Markelen anaiak hautsari alergia baitio, baina alferrik da. Leire Bilbaok idatzi du eta Eider Eibarrek marrazkiak ipini dizkio.

Eta zer? sailaren barruan, beste bi ipuin kaleratu dituzte. «Ez zait irakurtzea gustatzen, eta zer?» liburuaren testua Pako Aristik egin du eta Jokin Mitxelenak marrazkiak. Nemesio izeneko protagonistari ez zaio irakurtzea gustatzen, bizitzan beste gauza interesgarri asko daudela uste baitu. Andereñoak behin eta berriro esaten dio irakurri behar duela, baina behartuta denean munduko gauzarik atseginena itsusi bihurtzen dela iritzi dio. Dena dela, ipuinaren magiak harrapatuta, iritzia aldatuko du.

«Tatuaje bat daukat, eta zer?» Xabier Mendiguren idazlearen eta Patxi Gallego marrazkilariaren lana da. Beñat protagonistaren etxe azpian tatuaje denda bat zabaldu dute. Berak bat izan nahi du, baina amak ez dio uzten. Amaren, semearen eta Juanma tatuaje egilearen artean istorio bitxi bat osatzen dute, askatasunari eta erantzukizunari buruzkoa, norbere bizitzaren egile izateari eta egintza horien ardura hartzeari buruzkoa.

BATELA SAILA

«Nikoleta eta gaua» (Eider eta Arrate Rodriguez) eta «Markel Gelazikin» (Leire Bilbao eta Eider Eibar) Batela saileko azken aleak dira. Sail horretako liburuak irakurtzen hasi berri diren umeentzat dira egokiak.

ETA ZER?

«Ez zait irakurtzea gustatzen, eta zer?» (Pako Aristi eta Jokin Mitxelena) eta «Tatuaje bat daukat, eta zer?» (Xabier Mendiguren eta Patxi Gallego) Eta zer? saileko liburuek haur helduagoak dituzte protagonista.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo