Musika, fedea, elizak eta diskotekak
Blanca IZKUE
Musikagintzako langilea
Etxeko sukaldeko irratiak ez du sobera estaldura onik. Normalean emisora berbera paratzen dugu, eta gurean Euskalerria Irratia izan ohi da. Badira zenbait egun, estaldura arazoak direla kausa, Nafarroako hiriburuko irrati euskaldun bakarra gaizki sintonizatzen dela, eta berak baino indar gehiago duen beste irrati bat, dialeko zirrikituetatik ihes egin eta gailentzen zaio: RMK irratia, hain zuzen.
Irratia, maiz edo beti, beste zenbait eginkizunetan ari garela aditzen dugu, eta halaxe izan zen aipatutako RMK hura lehenengoz aditu nuenean. Euskalerria Irratia sintonizatu ezinik, irrati ezezagun eta martxoso horrekin geratu nintzen. Pop musika eta rapa programatzen ari ziren, gaztelaniaz eta ingelesez, etxeko lanetarako lagun aproposa.
Hasieran ez nintzen konturatu, baina bi edo hiru kanta aditu ostean, haien hitzei erreparatu nien. Salbazioaz, elkartasunaz, gure jaungoiko maiteaz eta halakoez ari ziren kantu gehienak. Hara!, kristauen irrati bat, Jehovaren lekukoena, zehatzago, geroago jakin ahal izan nuen bezala. Halako ikara-zirrara sentitu nuen, beldur eta jakin-min nahasketak eraginda. Beldurra, erlijioaren boterearen erakustaldia iruditu zitzaidalako (beste behin ere), eta jakin-mina ohartzean kristautasunaren adar hau musika herritarraz baliatzen dela bere mezua hedatzeko. Horiek ziren, horiek, kanta erakargarri eta eguneratuak!, ez gure kolegio garaietan bezala, kanta bigun eta aspergarriak besterik ez baitzizkiguten irakasten (Simon & Garfunkel bikotearenak ziren gure errepertorioko kantarik heavy-enak).
Jakin-minak eraman nau irrati hori sarean bilatzera ere. Eta bertan deskubritu dut «lekuko»en hedabidea ez dela irrati soila, mass media talde oso bat sorturik baitute: telebista katea, ekoiztetxea eta egunkari bat ere.
Ez da hau erlijiozko mezuak lau haizetara hedatzeko musikaren herrikoitasuna profitatzen duen lehenengo giza taldea. Gospela, jakina den bezala, Ipar Ameriketako elizetan sortu zen. Eta gaur egungo soul abeslari franko elizako koruetan ondutako musika-izarrak ditugu, tunikak utzita eta janzkera askoz arinagoz atonduta.
Batek daki, agian lekukoek beren estilo propioa sortuko dute, eta lehenago edo geroago, irrati formuletan eta dantzalekuetan beren mezu alarmistak fuerte demonio izanen dira entzungai.