GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Berako Ertz jaialdia, musika bidezidorren bidegurutze

Milurteko berriarekin batera jarri zuten abian ERTZ egitasmoa Beran, «bertze musiken jaialdia» izateko asmoz. Egun Nafarroako mugaldean ez ezik Donostian ere egiten den eta aurten Hazparnera ere iritsiko den festibala larunbatean hasi eta irailaren 20an amaituko da.

p048_f01_148x104.jpg

A. BILBAO | BILBO

Ohiko zirkuituetatik at, musika bidezidorretan barna osatzen duten talde eta zaleen jaialdia dugu Ertz. Genero aldetik irekia, esperimentazioari eta jarrerari -musika tresnekin, publiko edo espazioarekin- arreta berezia eskaintzen dion jaialdia.

Berako musikari eta zaleek antolatua, bertan jorratu ohi da egitasmoa, orain lau urte Artelekurekin elkarlanean hasi eta Donostiara ere iritsi den arren, Audiolab egitasmora. Aurten gainera, Hazparnen ere izango dira, bertako kultur elkartearekin orain bi urte hasitako elkarlanari esker. Honela, zuzenekoak Beran jorratuko dituzte eta lantegiak aldiz, Artelekun.

Jaialdia aberastu eta beste esparru artistikoetara hurbildu eta azken hauek musikarekin harremanetan jarri nahian, aurten zinemara jo eta Xabier Iriondoren «Sonar ciudades» pelikula eskainiko dute datorren igandean Beran, 20.00etan, eta Australiako «Subsonics» dokumental saileko atal ezberdinak Artelekun, irailaren 19an.

Inprobisazio askearen historia

Zuzenekoei dagokienez, bada zer entzun, ikusi eta nabarmendu. Bitxia izango da oso Jean-Luc Guionnet musikagileak Berako Altzateko elizan joko duen organo kontzertua, datorren igandean eta 17.00etan, ohiko eliz moldeetatik kanpo eta jendearen begi-bistatik kanpo, inprobisaziora emana.

Nabarmentzekoa da Eddie Prevost eta John Tilbury perkusio eta piano-jotzaileek egingo duten jarduna ere. Eskarmentu handiko bi musikariok AMM taldea osatzen dute, eta musika inprobisazio askearen historia bizia ditugu hirurogeita hamar urtetik gorako artistak. Lau hamarkada luzeko jarduna jarriko dute Berako kultur etxeko oholtza gainean etzi, iluntzeko 21.00etatik aurrera. Beraiekin batera, Charles Hayward, Xedh eta Stéphane Garin & Sylvestre Gobartek ere joko dute.

Aipatutakoez gain, igandean Ennio como Violeta-k (Tanto monta monta tanto) eta Bizarrak joko dute Berako Rikardo Baroja ikastetxean, eta Gora Japon, Kourgane eta Oier Etxeberriak Hazparneko Ttattola gaztetxean, irailaren 20an.

Fitxa

Data: Irailaren 13tik 20ra.

Lekua: Bera (Nafarroa), Donostia (Gipuzkoa) eta Hazparne (Lapurdi).

Web orria: www.ertza.net.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo