«Kalean aldarrikatzea zilegi delako» igandeko hitzordua bere horretan da
Euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapena «zilegi eta beharrezko» jo eta igandean, Donostian deituta dagoen manifestaziora bertaratzeko deia egin du amnistiaren aldeko mugimenduak. Mobilizazio honen debekuak helburu politiko argiak dituela adierazi ostean, Javier Balzari eta Juan Jose Ibarretxeri biltzeko eta manifestatzeko eskubidea errespeta dezatela eta ertzainak bidal ez ditzatela eskatu die.
GARA |
Debekuak debeku, amnistiaren aldeko mugimenduak igandean Donostian, euskal preso politikoen eskubideen alde antolatutako manifestazioan parte hartzera dei egin du. Iazko irudiak errepika daitezen inolako nahirik ez duela nabarmendu du; alabaina, ez dituztela «kaletik botako» jakinarazi diote Juan Jose Ibarretxe lehendakariari zein Javier Balza Lakuako Barne Saileko buruari. Horiei gainera, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea errespeta dezatela eta manifestariak «jipoituko dituzten» ertzainak ez bidaltzeko galdegin die.
Presoen eskubideen aldeko aldarrikapena eta haiekiko elkartasuna «desagerrarazi nahia» egotzi dio amnistiaren aldeko mugimenduak Lakuari. Hori baita, haren ustez, igandeko manifestazioa galarazteko zioa. Haatik, amnistiaren aldeko mugimenduak komunikabideei igorritako oharrean, argi adierazten du era honetako eragozpenekin ez dutela horrelakorik lortuko.
Errepresioaren kontrako mugimenduak gainera, igandean Donostian «milaka» lagun bilduko diren konbentzimendu osoa erakutsi du, «zilegi eta beharrezkoa den aldarrikapen baten alde», gaineratu du.
Igandekoa, urtez urte eta normaltasunez errepikatu den mobilizazioa dela gogora ekarri eta istiluak, EAJk, Balzak eta Ibarretxek «horrela erabaki dutenean» gertatu direla adierazi du. Amnistiaren aldeko mugimenduak gainera, alderdi jeltzaleari zein Balza eta Ibarretxeri «haiek bidalitako gizon eta emakume armatuak istiluen eragileak» izan direla adierazi die.
Kalera ateratzera «behartuta»
Etzidamu, 13.30ean, Donostiako Bulebarretik irtengo den manifestazioak euskal preso ororen eskubideak aldarrikatzeaz gainera, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau espetxeratuen egoera, zein kondena osoki bete eta presondegietan bahiturik jarraitzen duten presoen egoera salatuko du.
Amnistia eskatzen duen mugimenduaren aburuz, alderdi politikoek zein euskal erakundeek erakutsitako «jarrera makurrek behartu dute presoen egoera dela-eta «kalean mobilizatzera eta indarrak biltzera». Are gehiago, kalea bera «herritarren aldarrikapenen espazio nagusia» dela nabarmendu du.
Salaketarako arrazoiak gainera, azken hilabetean «biderkatu» egin direla deritzo mugimendu honek, eta Euskal Herria «salbuespen egoeran» dagoela ondorioztatu du. Errepresioaren areagotze hau, Alfredo Perez Rubalcaba, Barne ministro espainolak, «ondo planifikaturiko erasoaldia» dela adierazi du gainera.
Rubalcabaren oldarraldi honekin «independentismoari» mezu argia helarazi nahi diola irizten dio mugimenduak: «Ikasturte honetan egurra baino ez duela banatuko». Alberto Lopez barañaindarra Guardia Zibilaren eskuetan bost egunez desagerturik egon izana ere «esanguratsu» jo du amnistiaren aldeko mugimenduak; Euskal Herriaren «aurkako borrokan urrun iristeko prestuta- suna» agerian utzitako pasartea dela uste baitu.
Kolektiboa suntsitzeko nahia
Salbuespen eta jazarpen egoera horren isla «sarraski espetxe» frantses eta espainolak direla gehitu du amnistiaren aldeko mugimenduak oharrean. Sakabanaketa politika, presoek pairatzen duten isolamendua edota presoen senideek errepidee- tan izaten dituzten istripuek espetxe politika «krudel honen neurria» erakusten duela gaineratu du.
Espetxe politika hori agintari espainol eta frantsesek «inpunitate osoz» gauzatzen dutela salatu du prentsa oharrean. Eta praktika honen atzean euskal preso politikoen kolektiboa «suntsitzeko» helburu argia dagoela azaldu du. Finean, independentziaren aldeko borroka desagerrarazi nahi dutela adierazi eta horretarako, presoen izaera politikoa «ezabatzea eta kolektiboa deuseztatzea» dute xede, mugimenduaren iritziko. Izan ere, errepresioaren aurkako mugimenduarentzat kolektiboa borroka honen «erreferentzia argia» da.