GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Saran eta Lekornen, udako azken torneoak

J.L. | BAIONA

Udako azken torneoak prest daude. Saran datorren asteburuan jokatuko da, eta hurrengoan, berriz, Lekornen. Hortxe amaituko dira jaietako lehiaketak.

Sarako lehiaketak izen handia du, eta jendeak ere ondo erantzun izan du. Aurten agian izen batzuk huts egingo dute zitara. Igandean eta astelehenean jokatuko dira finalerdiak, eta heldu den asteazkenean, berriz, finala izango da. Igandean, 18.30ean hasita lehen finalerdia jokatuko da. Sorhuet eta Jeannots Lanberten eta Etxetoren aurka lehiatuko dira. Astelehenean izango da bigarren finalerdia, ordu berean hasita: Alfaro eta Ezkurra II, Etxeberriren eta Kurutxariren aurka.

Bikote orekatuak jarri dituzte, eta faborito garbirik ez da agertzen, laurak ere pareko bikoak baitira. Partida guztiak Sarako Pleka trinketean jokatuko dira.

Lekornen, berriz, lehiaketa garrantzitsua antolatu da aurten, goi mailako pilotariak izango baitira bertan.

Irailaren 19an jokatuko dira 18.00etatik aurrera bi finalerdiak. Lehenengoan, Ibarrola eta Ozafrain Idiarten eta Ezkurra II.aren aurka arituko dira. Hori amaitutakoan, bigarren finalerdikoa izango da, eta bertan aurrez aurre Sorhuet eta Kurutxari Etxeberri eta Etxetoren aurka lehiatuko dira. Bi irabazleek irailaren 21ean jokatuko dute finala 18.00etatik aurrera Lekorneko trinketean. Txapelketa hau oso erakargarria da, bertan oso bikote indartsuak izango dira. Besteak beste, egungo binakako txapeldunak izango dira, Ibarrola eta Ozafrain. Aurten Binakakoaz gain, Baionako Masterra ere lortu dute, eta agian beraiek aterako dira faborito, nahiz eta beste hirurak ere oso indartsuak izan. Beraz, irabazten duenak irabazten duela, ez da ezusterik izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo