GARA > Idatzia > > Ekonomia

Nafarroan zerga-maula handia dela salatu dute

ELA sindikatuak oso larritzat jo du gaur egungo gizartean arazo honek lortu duen protagonismoa, eta honen aurrean Nafarroako Gobernuari «beste alde batera begiratzea» leporatu dio
p024_f02_91x112.jpg

GARA |

ELA sindikatuak Nafarroako Gobernuari kritika egin zion atzo herrialde horretan dagoen «sekulako» zerga-maulari aurre egiteko ez duelako behar besteko baliabiderik ipintzen eta arazo honen aurrean «beste alde batera begiratzen» duelako.

Nafarroako ELAko koordinatzaile Mitxel Lakuntzak prentsaurrekoan aipatu zuenez, zerga-maularen inguruan «gehiegizko tolerantzia» dago «pertsona jakin batzuen aurka ez egitearen jarrera politikoari» erantzuten dion jarrera baita.

Bestalde, Nafarroan zerga-maula «neurtzeko bi era» daudela adierazi zuen Lakuntzak. Izan ere, langileei politika «murriztailea» ezartzen zaien bitartean, «errenta aberatsenei» politika «baimendua» ezartzen zaie.

Era horretan, «iruzurra egiten ari direnak» errenta enpresarial, profesional eta kapitaleko titularrak direla baieztatu zuen, eta ez langileak. Datu hau arrazoitzeko sindikatuaren ikerketaren emaitzak azaldu zituen. Adierazi zuenez, langileek iruzurgileena bikoizten duen batez besteko errenta aitortzen dute.

ELAren ustez, arazo honek «ondorio handiak» sortzen ditu Nafarroako gizartean ingresatzen ez diren kopuru handi horiek administrazioren sarrera-bilketan murrizketa baitakarte. Horrela, bilketa urriago honek behar garrantzitsuen, besteak beste, osasuna, etxebizitza, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen finantziazioan murriztapena dakarrela azpimarratu zuen sindikatuak.

Beste alde batetik, ELAko ikerketa kabineteko arduradun Imanol Pascualek nabarmendu zuenez, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, lanaren batez besteko errenta 22.278 eurokoa izan zen 2006an. Profesionalen eta enpresen jarduerena, ordea, 11.106 eta 8.393 eurokoa izan zen, hurrenez hurren.

Pascualek, gainera, 2001 eta 2006 urte bitartean lanean izandako batez besteko errenta 3.574 eurotan handitu zela azpimarratu zuen. Profesionalena 679 eurotan igo zen eta enpresariena ia 19 eurotan.

2008-2012ko zerga-maulari aurre egiteko egin zen lehenengo zirriborroari dagokionez, 2003-2007 planaren datu «partzialekin» eta «oso urriekin» egina izatea kritikatzen du ELAren ikerketak. Hala, zirriborroak azaltzen duenez, aurreko planari esker 532 milioi euro bildu dira, baina «galdera plan horren eraginkortasun faltari esker zenbat diru utzi den bildu gabe da», nabarmentzen du ikerketak.

Zirriborroan zazpi alorretan sailkatuta dauden 300 neurriak «guztiz zehaztugabeak» dira, eta ez dute aurrekontu zuzkidurarik, ELAren ustez. Horregatik, planaren eraginkortasuna ziurtatzea «ezinezkoa egiten da, ez baita partida ekonomikorik adierazten», azpimarratzen du sindikatuak.

Bestetik, ELAren ikerketak giza baliabideen inguruan ere bere iritzia azaltzen du. Planak berak aitortzen duenez, jokabide hauen eraginkortasuna giza baliabideei «oso gertutik lotuta» doa, eta langileriaren kopurua handitzeko proposamenak egingo direla iragartzen du, baina «ez du konpromisorik hartzen langileria handitzeko».

Proposamenak

Nafarroako Gobernuak zerga-maulari aurre egiteko egin duen «ahalegin txikiaren» aurrean, ELAk lau proposamen aurkeztu zituen. Lehenengoa gaur egungo egoeraren erabateko diagnostikoa eta 2003-2007 planaren emaitzen azterketa egitea izan zen.

Bigarren proposamenari dagokionez, sindikatuak konpromisoak eta neurri zehatzak finkatu beharko liratekeela aipatu zuen. Adibide gisa, planak irauten duen denbora tartean soldatak ez diren errentak bere osotasunean aztertzea proposatu zuen. Azkenik, ELAk ikuskarien kopurua nabarmen handitzea eta orain arte egondako aurrekontu zuzkidura baino «hobea» barneratu beharra dagoela azaldu zuen.

Gauzak horrela, ELAk bi ondorio nagusi atera ditu zerga-maularen aurrean. Alde batetik, gobernuak «oso ahalegin txikia» egiten duela arazoari aurre egiteko eta, bestetik, 2008-2012 plana ez dela tresna eraginkorra izango arazoa konpontzeko.

ikuskapena

Nafarroan lanekoak ez diren errentak ikuskatzearen probabilitatea gutxienekoa den bitartean, Alemanian eta Belgikan enpresen ikuskapen fiskala egiteko bost urteko epea dago gehienez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo