GARA > Idatzia > > Kirolak

Euskal selekzioa

Ekimenez gainezka dator Euskal Selekzioen Eguna

ESAITek antolatuta, Txan Magoa, Euskal Herria pilota desafioa edo Idi Bihotz eta Zea Mays musika taldeen kontzertuak izango dira igande honetan Izarran

GARA | BILBO

Iganderako planik ez daukanak, Izarrara joateko aukera polita du. Izan ere, aurtengo Euskal Selekzioen aldeko eguna Urkabustaizen ospatuko baita. ESAITek antolatuta, jardunaldia ekimenez beterik dator, beti ere gure selekzioen ofizialtasunaren aldarrikapenaren aterkipean. Horiek horrela, txikienek Txan Magoarekin gozatu ahal izango dute goizean, 13.00etatik aurrera ekitaldi nagusia izango da, ondoren Gorka Lazkano, Iñaki Viñaspre, Jokin Labaien eta Zigor Enbeita bertsolariak arituko dira eta, azkenik. arratsaldeko 20.00etatik aurrera Zea Mays, Idi Bihotz, Besterik Gabe eta Dj Hammer musika taldeen txanda ailegatuko da. Jardunaldiak, beste behin ere, «Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat» leloa izango du.

Hitzordu honen inguruko argibide gehiago emateko asmoz, ESAITek agerraldia egin zuen atzo Bilbon. Erakunde honetako kide Egoitz Askasibarrek, Urkiola eta Goenatxo harri-jasotzaileek lagunduta, adierazi zuenez, «leloak argi adierazten du gure filosofia. Euskal selekzio desberdinek nazioarteko txapelketetan ofizialki aritzeko helburuarekin jardun da ESAIT orain arte, nazio eskubidea delako beste edozein nazioen moduan nazioarteko lehiaketetan parte hartzea. Eta Euskal Herriko herrialde desberdinetako kirolariak bere baitan hartuko dituen selekzioak aldarrikatu ditugu beti. Ezin dugu ulertu zelan egon daitezkeen herrialde desberdinetako kirolariak baztertzen dituzten euskal selekzioak».

Ildo honi eutsiz, Askasibarrek aurtengo edizioa Izarran ospatzearen arrazoiak azaldu zituen. «Urtero Euskal Herriko herrialde desberdin batean burutzen dugu Euskal Selekzioen Eguna. Aurten Arabari zegokion, eta Izarrako herritar batzuek eskatuta bertan egitea erabaki genuen. ESAITek, hilabete askotan zehar antolakuntza batzordean lanean aritu diren herritarren lana eskertu nahi du. Izan ere, haiek hainbat hilabetetan zehar egindako lanik gabe ez litzatekeelako posible izango egun hau egitea».

Eguneko jarduera nagusienetako bat ekitaldia izango da. Bertan herriko lan taldeko ordezkari multzo batek, sostengua eman duen Arabako Foru aldundiak eta ESAITek hartuko dute parte. Euskal selekzioen aldeko iritzi taldeak, azken urte honetan selekzioaren inguruan gertatutakoari buruzko irakurketa plazaratuko du. Horrekin batera, talde politiko eta sozial ezberdinetako kideak Urkabustaizen izatea espero dute.

Kirolaren atalari dagokionez, Euskal Herria pilota desafioa deritzona izango da Euskal Selekzioak bultzatzeko eguneko beste plater nagusienetako bat, Hego eta Ipar Euskal Herriko pilotariak elkarren aurka lehiatzen izango baitira. Ordu batzuk lehenago, 13.30ean Goenatxo eta Miren Urkiola harri-jasotzaileen lana ikusteko aukera izango da Arabako herrian.

ONDO PASATZEKO... ETA DASTATZEKO

14.15ean bertso-txotxarekin, sagardoa eta taloak dastatzeko aukera izango dute Urkabustaizera gerturatzen diren guztiek. Bazkaltzeko ordua, musika eta dantzaz lagunduko dute herriko plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo