GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Eskubide urraketaren katearen azken begia

Madrilgo Gobernuak datorren udazkenean Kongresuan aurkeztuko duen Kode Penalaren erreformak euskal preso politikoentzat errepresio-neurri gehiago biltzea proposatzeko asmoak herri honek bizi duen gatazka politikoaren konponketa arrazionalaren kontrako norabidea erakusten du. Barne eta Justizia ministro espainiarrek atzo iragarri zutenez, euskal preso politikoei kartzelatik irtendakoan hogei urte arteko zaintzapeko askatasuneko neurriak ezartzeko asmoa dute. Neurri horiek, legearen bernizaren zain, euskal presoak gero eta estuago hartzeko dinamikaren azken urratsa dira, eskubide urraketa etengabeen katearen azken begia.

Kode Penalaren hamaikagarren erreforma hori zentzugabekeriaren beste maila bat da. Gatazka politikoa «terrorismoaren aurkako borroka» horretara murriztuta, borroka horretan beste aurrerapauso bat dela esango du Gobernu espainolak, oposizio eskuindarrari argudioak kenduta, oposizio eskuindarraren argudioak bere eginda, bide batez. Hala ere, okerreko diagnosi horretatik abiatuta, ezin da okerreko konponbidera baino harago iritsi. Horrelako neurriek Estatu espainoleko sektorerik atzerakoienak gogobeteko ditu edo gutxienez haien presioa laxatuko, eta sufrimendua luzaraziko dute, baina nekez ezabatuko dituzte gatazkaren kausa politikoak eta horiei heltzeko modu arrazionalaren beharra. Eta behin eta berriz egin eta egiten segitzen duten lege aldaketak hain justu arrazionaltasunaren kontrakoak dira: larderia, mendekua, eskubide urraketa etengabea.

Estatu espainolaren noraez zapaltzaile honek ez du parerik Europan. Izan ere, presoen eskubideen urraketari dagokionez, zaila da Europatik kanpo ere halakorik aurkitzea. Madrilgo Gobernuan den alderdiak aurrerakoitzat aurkezten du bere burua, baina izendapen hori dagoeneko ondo gezurtatu dute haren eginek. Ikusteko dago, ordea, eta kezkagarria da, Estatu espainoleko jende aurrerakoia noraino dagoen prest libertateen murrizketan gero eta oinarrituago dagoen Estatu baten jokaerari ez ikusia egiten jarraitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo