KRONIKA Azoka berezia Ordizian
Eguraldia, 6.700 euroko gazta erdia eta sarietako akatsa, eguneko tertulia gaiak
Eguraldiak eta azokazaleek ez zuten hutsik egin, ezta produkturik hoberenak hartuta merkatura bertaratu ziren baserritarrek ere. Artzainek ere mimoz egindako gaztak aurkeztu zituzten, baina sari banaketan egindako ustekabeko akats batek zapuztu zuen eguerdian egiten den gazta lehiaketa entzutetsua. Enkantean 6.700 euro ordaindu zituzten gazta erdiagatik.
Maider EIZMENDI
Goizean goizetik eguzkiak bero jotzen zuen, eta azokazaleek zein goiz pasa egiteko aukera zutenek ez zuten hutsik egin. Eguerdirako leporaino zeuden Ordiziako kale bazterrak, baita pintxoak eta taloak jateko jartzen dituzten postu guztiak ere.
Gazka lehiaketak eta ondorengo enkanteak aparteko sona dute egun honetan. Ekitaldi ezagun eta entzutetsua bilakatu da, eta horregatik eguerdi aldera ehunka lagun bildurik zeuden Beti-Alai pilotalekuan. Goizean goizetik aurkeztu zituzten artzainek euren gaztak, eta kazetari, sukaldari eta teknikariek osatutako epaimahaiak banan-banan dastatu zituen guztiak.
Inguruko gaztarik ederrenak dastatzeko aukera izan zuenetako bat da Tafallako Tubal jatetxeko Atxen Jimenez sukaldaria. Bera izan zen Idiazabal gazta berriaren mozketa egin zuen lehen emakumea, eta ordutik etortzen da epaimahaira. Idiazabalgo gazta benetan estimatzen du «artzainek egiten duten lan andanagatik» eta horregatik bere jatetxean beti omen du gaztarekin egindako jakiren bat. Makina bat kontu dira epaimahaikoek aintzat hartu beharrekoak: «Azala, masaren kolorea, begien itxura, zaporea, kutsua...». Gazta batzuk baztertu egiten dituzte saria emateko orduan, «baina, etxean, baso bete ardo eta ogi zatiarekin gustura jango nituzke guztiak».
Sari banaketa ohikoa izan zen itxura batean. Lehen postuetan geratutako bost gaztagileak saritu zituzten. Lehen saria Santi Etxezarreta Olaberriko artzainari eman zioten eta berak gustura eta pozarren hartu zuen lehen postua, baita bere anaiek eskuratutako hirugarren eta bosgarren sariak ere. Geroago jakin zen, ordea, akats bat izan zela eta lehen saria Ricardo Remiro Eulateko bizilagunari egokitu zitzaiola.
Halakoetan ez da samurra inor kontsolatzea, baina lehenengo bost sarietatik bi familiari emateak pozgarri behar du izan. Belaunaldiz belaunaldi jaso duten jakintza aberatsari egindako errekonozimendu gisa hartu beharra dago.
Etxezarreta anaiak ezagutzen dituztenak saminduta zeuden gertatutakoarekin, baina, edonola ere, argi zuten edozein saritan garaile izateko moduko gaztagileak direla hirurak, «tematiak eta langileak» direlako. Kontxesi amak artzaintzan baino beste zerbaitetan aritzea hobe zutela esan zien hirurei, baina burugogor jardun zuten, «abereekiko mimoa, esne ona eta gatzari naturala» sekretu gisa hartuta.
Atzerapenez eta akatsa argitu ostean, pozarren hartu zuen saria Ricardo Remirok. Arratsaldeko lehen orduetan oraindik ere urduri eta sinetsi ezinik zegoen. «Akats bat edozeinek izan dezake, nik ez dut sari banaketako momentu gozo hori bizitu baina datozen guztiak pozik hartuko ditut». Gaztak egiteko orduan sekretu zehatzik ez duela azaldu zuen, «lan asko eta mimo gehiago». Etxean eta txikitatik jasoak ditu gaztagintzaren sekretuak eta berehala gogora ekarri ditu bere gurasoek 1987an eta 1989an eskuratu zituzten lehen sariak. «Nork esan behar zidan neuk egindako gazta erdiagatik horrenbesteko dirutza ordaindu behar zutenik?».
Hain zuzen, 6.700 euro pagatu zituzten enkantean Remiroren gazta erdiagatik eta Tolosako Ezeiza dendak eraman zuen berera. Bertako kudeatzaile Jon Ander Torrek bitan egin zuen eskaintza 6.400 euroan eta 6.700 euroan. Azken eskaintza ez zuen beste inork hobetu. Bere horretan jateko primerakoa dela pentsatuko dute askok, baina Idiazabal gaztarekin egiten dituzten tartak prestatzeko erabiliko dutela aurreratu zuen: «Ez al du inork akatsik egingo, galera ederra izango dugu bestela», ohartarazi zuen.
Horren aurretik egin ziren barazki eta fruta lehiaketetako sari banaketak. Ez zen ezustekorik izan; Jose Manuel Zabalegi donostiarrak irabazi zuen barazkietan lehen saria, eta Manu Iradi hernaniarrak, berriz, fruta lehiaketa. Ikusgarri zegoen Zabalegiren postu, produktu ugari eta ederrak eta tartean bitxikeria hainbat, kakahueteak kasu. «Saltzeko baino erakusteko ereiten ditugu produktu batzuk, kakahueteak saltzetik ezin da bizi, baina bitxia da, goiz osoa horien gaineko galderak erantzuten daramagu», aitortu zuen. Gainerakoan, eguneroko produktuak saltzen dituzte Groseko azokan eta feria handi hauetarako prestaketa berezia egiten dute, «Zumarragako azokarako ari gara jada gauzak ereiten».
«Poltsek enbarazu»
Manuel Iradi ere gustura zegoen luze egindako lanaren errekonozimendua baita saria. Mahairako sagarrak ekoizteko, bere hitzetan, arreta, mimoa eta sagarrondoen oreka zaintzea da giltza. «Sagarrondoak fruitu gehiegi badu bakandu egin behar dira, sagar gutxiago baina handiago eta itxura hobekoak lortzeko». Aurtengo uzta primerako dela esan du, ugaria, eta hamar bat egun aurreratuta datorrena, gainera. Bera ez da sagardogintzan aritzen, baina sagarren gainean duen ezagutzak aurten kalitatezko sagardoa izango dela iragartzeko gaitasuna ematen dio.
Sariak sari, saririk hoberena erosleen artean norbere produktuak estimatuak izatea da eta hori ondo dakite asteazkenero-asteazkenero Ordiziako plazan izaten diren saltzaileek. Mari Jesus Mujika lazkaotarrak atzoko feriaren laburpen bikaina egin zuen: «Gainezka dago baina jendeari poltsek enbarazu egiten diete». Bere hitzetan, azoka berezi hauek ez dira saltzeko aproposenak, «asteazkenero erosten dutenak etortzen dira erostera». Mahai gainean salgai zituen produktuen artean pikuak izan ziren erosleentzat tentagarrien. «Ikaragarri onak daude», esan zuen, berak ere goretsiz. Gainerakoan, baratzean aritu direnentzako petral samarra izan omen da aurtengo uda: «Ekoizpena urriagoa izan da, eta gainera beranduago etorri da».
Iritzi berekoa zen Edurne Jauregi baliarraindarra: «Sasoi honetarako jendea tomatea jateaz okituta egoten da, eta aurten oraindik ase gabe dago; aldatu ditudan azken tomateak oraindik ez dira heldu». Gustura zegoen astero-astero «elurra egin eta iristerik ez dagoenean» ez bestetan hutsik egiten ez duen baserritarra, eta eguerdi alderako espero zituen salmenta gehienak. «Jendeak buelta eman eta etxerako bidea hartzen duenean egiten ditu erosketak».
Oraindik ere etxera bidean jartzeko inolako asmorik gabe zebilen Jose Luis Portu lesakarra. Bigarrenez bertaratu zen atzokoan Ordiziako Azoka Berezira eta «hurrengo urtean ere etortzen bagara ez da seinale txarra izango». Primerako eguna zuten antolatua, goizean goiz etorri, azokako ganaduak ikusi eta eguerdian sagardotegira zihoazen bazkaltzera lagun koadrila.
Baserritarrak eta artzainak gora eta behera, eurei AHT moduko azpiegitura batek eragingo dizkien kalteak salatu zituzten EHNEk egindako elkarretaratzean. Eurek baserriaren eta herrien aldeko apustua berretsi zuten, «hirien aldeko apustu garbia» egiten dutenen aldean.