Jaiak amaitzear dauden arren, ez da egitekorik faltako Bermeon
Asteartean, Santa Eufemia egunean, agurtuko dute Xixili Bermeoko bizilagunek. Bitartean, hutsik ez egiteko moduko egitaraua daukate prest. Beraz, orain arteko nekeak ahaztu beharko dituzte, eta azken egunei gogotsu ekin. Kostaldeko herri honetan hain ezaguna den lamiarekin batera erre beharko dituzte azken indarrak bermeotarrek: musika, herri kirolak, antzerkia, txirrindulari lasterketak... Ez da atseden hartzeko aukerarik izango jai bukaeran.
GARA |
Ohiturak agintzen duen moduan, Santa Eufemia egunean agur esan beharko diote bermeotarrek Xixiliri. Hori bai, inork ez dezala pentsa jaiak amaitu direnik. Izan ere, asteartera arte, eskaintza zabala izango da, orotariko ekintzez betea.
Euskal kulturak garrantzia handia hartzen du Bermeoko jaietan, eta azken egunotan ere besteak beste, pilota partidak, nekazaritza azoka, herri kirolak eta bertsoak aurkituko ditugu bermeotarren agendan.
Jaietan zehar adin guztiei zuzenduriko ekintza eta ikuskizunak egon dira eta, azken egunetan ere, herri osoa tirri-tarra ibiliko da batera eta bestera.
Gaurkoan, egun bete-betea daukate bermeotarrek, egun osoa kalean emateko modukoa. Egunari indartsu ekiteko, XLVIII. Sollube Zirkuitua egingo dute txirrindulariek eta bestalde, plater-tiroa izango da XXXIV. Bermeoko Udalaren sariketarekin.
Tripa-zorriak agertzen direnean, Sukalki Txapelketan prestatutakoekin aseko dute gosea, egun osoan zehar izango diren txaranga, fanfarre eta trikitilariek alaituta.
Arratsaldean, indar erakustaldi ederra izango da Artza frontoian. Bertan jokatuko baita Bizkaiko II. Pultsu lehiaketa.
Gauean, Akerbeltz taldeak hartuko die musikaren lekukoa txaranga eta fanfarrei, eta berari egokituko zaio Bermeo dantzan jartzea. Bestelako musika mota bat atsegin dutenek, txosnagunean Gisauambaberoak taldearen musika emanaldia izango dute.
Hori bai, saio hauekin nahikoa ez duenak, gaueko ordubietan F.M. Diskotekeagaz beste dantzaldi bat izango du, gorputza ederki astintzeko.
Biharkoa, berriz, egun lasaixeagoa izango da. Nolanahi ere, izango da zer egina. Besteak beste, Herri kirolen XXXIV. edizioan Iñaki Perurenari omenaldia egingo diote.
Iluntze aldera, umeek gustuko dituzten taldeak imitatuko dituzte Playback lehiaketan. Gainera, txosnagunean, «Abiadura Handiko Trena gelditu!» izeneko hitzaldia izango da.
Gauerako, bi aukera: Tximino taldearen kontzertua, edota bertso saioa. Azken honetan, punta-puntako bertsolariak izango dira ikuskizuneko izarrak: Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Amaia Agirre eta Mañukorta.
Etzi, musikak beteko du egitarauaren zati nagusia. Baina, horretaz gain, umeen danborrada izango da, eta Txan magoaren ikuskizunak gaztetxoenak liluratu egingo ditu «artxila-murtxila!»-ren doinura egindako trikimailu eta joko desberdinen bitartez.
Asteartean ospatuko dute bermeotarrek Santa Eufemia eguna, jaien amaiera iragartzen duena. Gaueko hamaiketan Xixili erre ostean agurtuko dituzte herriko festak. Hitzordu hori heldu artean aukera ugari izango dituzte ospakizunen azken egunaz gozatzeko.
Goizean, Bermeo baserri giroz jantziko da, Lameran egingo den azokarekin.
Eguerdian, 12.30ean, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Iratxe Ibarraren bertso saioa izango da, eta ondoren Maitane Ruiz eta Guruzne Aristegi bermeotarren eskutik kantaldia egongo da.
Iluntzean, Xirriquiteula Teatre antzerki talde katalanak «Les Perkus» ikuskizuna eskainiko du herriko kaleetan barrena.
Ondoren, Doluzko ibilaldiaren ostean, Xixili agurtuko dute hurrengo urtera arte.
Atzo, bete-beteko eguna
Atzo kirolak tarte nabarmena izan zuen. Hala, kirolzaleek bazkalosteko kuluxkatxoaren ostean, arratsaldeko bostetan, «Almikako igoera erlojuaren kontra» txirrindulari lasterketa izan zuten. Ondoren, XXVIII. Bermeoko Hiria Esku Pilota Txapelketari ekin zioten herriko Artza frontoian.
Arratsaldean, kartetan jolastea gustuko dutenek ere, XIII. Mus txapelketaren finalarekin gozatzeko beta izan zuten. Bestalde, herriko gazteenek ere tartetxo bat izan zuten, tailerrekin eta poniekin.
Gauarekin batera, Taberna Ibiltariaren kantaldia izan zen San Migeleko eskaileren aurrean, eta Koma taldeak girotu zuen Lamera, Instinct eta Kode taldeekin batera. Txosnagunean, berriz, «Nuntxaku kapilatik kalera!» punk-rock saioa izan zen gauerditik aurrera.
Aldarrikapenerako tartea ere izan zen, goizean egin baitzituzten preso eta iheslarien aldeko II. batel estropadak.
Astelehenean, irailak 15, Bermeo Internazionalista! jardunaldia antolatu du Askapenak. Bertan, hitzaldia, musika, erakusketa, bideo-emanaldia eta abar izango dira iluntzeko zortzietatik aurrera.
Jaiak atzean utzita, baina Bermeotik irten barik, estropadak izango dira irailaren 20an. Orduan ospatuko baita, XXVI. Bermeoko Uria Ikurrina. Estropadak jokatu bitartean, trikitilariek alaituko dute portua.