GARA > Idatzia > > Kirolak

«Gizarteak barneratua dauka ofizialtasunaren aldeko mezua»

p040_f01_199x128.jpg

Ixiar ARRATIBEL

ESAITteko kidea

Ohiturari jarraituz, X. Euskal Selekzioaren Eguna ospatuko da gaur. Arabako Urkabustaiz -Izarra- herriari egokitu zaio aurten iaz Leitzak utzitako lekukoa. Aurtengo berrikuntza nabarmenena, berriz, egutegia da, aurreko urteetan ez bezala, ekainetik irailera atzeratzea erabaki baitzuten antolatzaileek. Aldatu ez dena, aldiz, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarria da.

Arnaitz GORRITI |

Aldarrikapena eta jai giroa. Jai barruan aldarrikapena. Horra hor ESAITek euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko bi osagaiak. «Gizarteak bere baitan gero eta barneratuago duen mezua», Ixiar Arratibelen iritziz. Gaurko leloa ere, abenduan Bilboko kaleak jendez lepo egin zuen berberak, azken hamar urteotako euskal selekzioen aldarrikapena laburbiltzen du: «Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat».

Hamar urte pasa dira dagoeneko euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen!

Bai, gezurra dirudi, baina denbora arin pasatzen da, eta oraindik ere hemen gaude, jaia eta aldarrikapenarekin. Aurten Araban egitea egokitu zitzaigun Euskal Selekzioaren Eguna eta hemen gaude beste behin.

Aurtengo ekitaldirako Urkabustaizeko talde batek guzti hau antolatzea nahi zutela esan zigun, eta beraien laguntzaz dena antolatuta dago.

Zer dela-eta ekainetik irailerako atzerapen hau?

Antolatzaileek beraiek eskatu zuten atzeratzeko. Antza, uda erdian ez da jende larregi ibiltzen eta, beraz, jendetza handiagoa izateko itxaropenaz gaurkora atzeratu dugu ekitaldia.

Ekain aldera jende batek galdetu zigun ea noiz izango genuen aurtengo ekitaldia, baina tira, berehala eman genuen atzerapenaren berri eta, beraz, ez da arazorik izan.

Esan bezala, hamarkada bat igaro da dagoeneko. Euskal selekzioen ofizialtasunaren bidean, non gaude?

Nik uste gizarteak ofizialtasunaren aldeko mezua gero eta barneratuago duela. Abenduan Bilbon ikusi genuen nolako jendetza bildu zen ofizialtasuna eskatzeko. Jendeak gero eta garbiago dauka euskal kirolariek bere koloreak defendatuz lehiatzeko eskubidea dutela eta, bide horretan, presio egitea dagokio ahalik eta arinen gerta dadin. Horren harira, abenduko arrakasta horri jarraituz, «Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat» leloari eutsi diogu.

Beste alde batetik, instituzioen aldetik betiko jarrera berbera mantentzen dela ikus dezakegu. Gizarteak ez bezala, ez duela beharrezko pausorik ematen Euskal Herriko Federazio nazionalak sortzeko bidean.

Hala, besteak beste, Wushu Kung Fu selekzioak Olinpiar Jokoetan egoteko galdu zuen aukera edo Euskadiko Pilota Federazioak Txileko nazioarteko lehiaketan izandako jarrera ditugu adibide. Kalte handiena etxean dago?

Hala dirudi, egia esan. Lehen esan bezala, instituzioek ez dituzte eman beharreko pausoak ematen euskal selekzioen ofizialtasunaren bidean. Hala, instituzioek egin beharrekoa egin dezaten, gizarteak presioa egin behar du. Beraz, horren harira, Euskal Selekzioaren Eguna antolatu dugu.

ESAITek egiten duen lana, beraz, kasu honetan, gizarteari biltzeko eta aldarrikapen hau berritzeko aukera ematea da.

Hala da, bai. Herriak biltzeko baliagarri du gaurkoa bezalako eguna. Noski, badakigu ez garela Kilometroak, baina Euskal Federazio Nazionalak sortzeko bidean jendea Urkabustaizen biltzea dugu helburu. Jende dezente bilduko dela espero dugu.

Leloa ere, oso argia. «Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat».

Esan bezala, Bilbon abenduan ikusi genuen lelo horren atzetik, ofizialtasunaren alde jendetza biltzea lortu genuen. Mezua garbia da eta horri herritarrak lotu zitzaizkion. Beraz, gaurko ere lelo horixe bera mantentzea erabaki dugu.

Egutegiaz gain, bestelako berrikuntzarik espero da gaurko?

Tira, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko jaialdi bakoitza antzekoa izan ohi da baina, era berean, bakoitzak berezitasun propioa dauka. Hala, Urkabustaizen ere adin guztientzat ekitaldiak izango dira. Bai kirol arloan, herri kirola, pilota... bai gero kontzertuei -Zea Mays, Idi Bihotz, eta abar- dagokienez ere. Aldarrikapena eta jaia uztartuz hori guztia.

Nolabait kritika egite aldera, gaurkoaren tankerako egunek konbentziturik daudenak bakarrik konbentzitzen al dituztela esan liteke?

Konbentziturik ez daudenek gero eta gehiago ikusten dute, jai giroan, aldarrikapen serio bat egiten dela ofizialtasunaren alde. Bestetik, konbentziturik gaudenok eta urte osoan zehar ofizialtasuna dela-eta lanean gabiltzanok ikusten dugu dena ez dela lana, eta jaia ere beharrezkoa dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo