GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Floren Aoiz www.elomendia.com

Lizarra-Garazi: 10 urte!

Lizarra-Garaziko aldarrikapena jendearen aurrean sinatu zelarik Iruñeko kartzelan nen- goen, baina hor barnean ere sentitu genuen lurrikara politiko eta emozionalaren eragina. Izan ere, ezinezkoa da duela hamar urte gertatutakoa soilik termino politiko gordinetan azaltzea, piztu ziren ilusio eta esperantzak izugarriak izan baitziren. Orduko poz leherketak sinetsarazi zigun dena posiblea zela, hots, askatasuna gure herriaren eskuetan zegoela. Izugarria izan zen, halaber, saioaren porrotak ekarri zuen kolpea, baina hori, esan ohi denez, beste istorio bat da.

Duela hamar urte ikasi genuen indarrak biltzeko egitasmoa ez zela ameskeria, helburu lorgarria baizik. Urteetan zehar ukatzen zen gatazkaren izaera politikoa onartzen zuten sinatzaile guztiek, eta bazirudien betiko lurperatzen zirela Txibertan EAJk eta beste batzuek azaldu zituzten argudioak. Gatazka politikoak konponbide politikoa behar zuen, eta oinarriak Euskal Herriaren eskubideak ziren. Behin aldarrikapenaren edukia ezaguturik, jende askok ezin zuen sinetsi nork sinatzen zuen idazkia. Horiek bai azterketa serio eta gatazka gainditzeko abiapuntu ederra!

Haizeak hitzak eramaten ditu, berriz. Esandakoak nahiz idatzitakoak, sinatuta izanik ere! Batez ere, alderdikeriaren haizeak. Kartzelatik atera nintzenean Lizarra-Garaziko edukiak garatzeko batzorde batean parte hartzeko aukera izan nuen. Aukera? Zapuzketa, esan beharko nuke, zorigaitzez, laster konturatu bainintzen aldarrikapenaren edukiak zehazteko eta beste urratsak emateko borondatea ez zela inon agertzen. Gero gerokoak etorri ziren, akordioen krisialdia eta su-etenaren bukaera. Orain, batzuen eta besteen mezuak entzun ondotik, badirudi inork ez zuela hura hautsi nahi. Zergatik ez zuen aurrera egin, alta?

Ez da iraganera jo behar erantzun eske. Hitzak baino gehiago behar dira gatazka konpontzeko. Jarduera politikoan datza afera. Baita konpromisoetan ere. Joandakoa ez da inoiz ere itzultzen: iraganera bidaiatzeko makinak eleberri eta filmetan besterik ez dira kausitzen. Baina Lizarra-Garaziko aldarrikapenaren edukiak eta orduko ekimenaren funtsa guztiz gaurkoak dira, baita biharkoak ere, horrela nahi izanez gero. Bidea seinalaturik dago: badakigu nora eta nola. Hori bai, ibiltzeko urratsak eman behar dira, pausoz pauso aurrera egin ahal izateko. Urratsak, ez hitz soilak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo