Egoitz Askasibar ESAITeko kidea
Euskal selekzioen alde, Euskal Herriaren alde, bihar denok Izarrara
Gaur, irailak 13, denok dugu hitzordua Izarran, Urkabustaizko udalerrian, Euskal Selekizoen Eguna ospatuko baita. Aurtengo leloa «Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat» izango da, leloak, ESAITen planteamenduen muina azaltzeaz gain, gaurkoa moduko ekimenen filosofia azaltzen laguntzen duelako. Betidanik adierazi izan du ESAITek gure selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarria. Nazioarteko txapelketetan beste edozein nazio bezala lehiatzeko eskubidea dagokigulako. Eta nazioa garelako dagokigu eskubide hori. Ez gara, askotan etxetik entzun ahal izan dugun moduan, erregioen, erkidegoen edo lurraldeen arteko txapelketez ari. Berriki euskal herritarrak baztertu gaituzten Joko Olinpikoez, kirol arlo desberdinetako mundialez eta antzeko nazioarteko ekimenez ari gara gure selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen dugunean. Argi eta garbi zehaztu dugu norabidea. Nazioa garelako aldarrikatzen dugu nazioartean lehiatzea.
Eta euskal herritarrok osatzen dugu nazioa, zazpi herrialdeetako herritarrok. Euskal Herriko herrialde desberdinetako kirolariak bere baitan hartuko dituzten selekzioak aldarrikatu ditugu beti. Ezin dugu ulertu zelan egon litezkeen herrialde desberdinetako kirolariak baztertzen dituzten euskal selekzioak. Eta badaude. Baita txapelketak ere. Euskal «txapelaren» azpian batzuek EAEkoak ez diren euskal kirolariak baztertzeko tentazioekin ari dira, behin baino gehiagotan egin dutelarik. Horregatik diogu Euskal Herriko Federazio Nazionalak sortzea inoiz baino beharrezkoagoa dela. Horregatik salatu ditugu orain arte izandako bazterketak.
Aldarrikapen honen eredu praktikoa gauzatzea dugu Euskal Selekzioaren Aldeko Eguna. Duela hamar urte Oiartzunen hasi eta Euskal Herriko herrialde eta eremu administratibo desberdinetan izan ondoren, aurten Arabari, Urkabustaizen dagoen Izarrako herriari hain zuzen, dagokio antolakuntza. Gaur Izarrak, aldarrikapenerako eremua bilakatzeaz gain, «Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat» leloak finkaturiko parametroekin bat egiten duten guztien topagunea izan behar du. Euskal Herria naziotzat hartu izan dugu, filosofiarekin koherenteki praktikara jauzia emanaz. Festa giroan, modu berean ondo pasatzeko aukera eta festa aldarrikapenarekin batu nahi ditugu.
Aurtengoa hamargarren Eguna izanik, ahalegin berezia egin dugu egitaraua ere berezia izan dadin. Urkabustaizko hainbat herritarrekin hilabeteetan zehar botatako izerdiaren fruitua izango da gaurkoan dastatu ahal izango dugun uzta. Adin eta gustu desberdinetarako egitaraua, egun osokoa, gau partea ere barneratzen duena, prestatu dugu gaurko. Goizean Txan Magoaren ikuskizunetik hasita, eta txikienentzako paregabeko eskaintzatik abiatuz, egun guztian musika, kultur zein kirol ikuskizun desberdinak antolatu ditugu, arratsean Zea Mays, Idi Bihotz, Besterik Gabe eta DJ Hamer-ek emango duten kontzertuarekin amaitu arte. Eta ESAITek eguna edukiz beteko duen ekitaldia antolatu du bertan eguerdirako.
Etxetik eta kanpotik, Euskal Herriak nazio kirol egituraketa eta nazioarteko selekzio ofizialak izan ez ditzan erasoak inoiz baino bortitzagoak diren horretan, euskal selekzio kontzeptuaren inguruan desitxuraketa saioak inoiz baino ugariagoak direnean, berebiziko garrantzia dute Izarrako ekimenaren modukoak.
Hau guztia dela eta, bere burua euskal herritartzat duenak, Euskal Herriak osatzen duen nazioaren eraikuntzan aportatu nahi duenak, hitzordua du gaurkoan Izarran. Baita Euskal Herriko selekzioen ofizialtasunaren alde dagoen orok ere.