GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Astigarragako ikastolan DBH eman dadin lan egitera deitu du ezker abertzaleak

GARA |

«Bizkortu beharra daukagu, bestela ziur gaude berriro ere gure haurrak kanpora joan beharko dutela DBH egitera», ohartarazi du Astigarragako ezker abertzaleak ohar batean. Bere esanetan, ikastolak eta bertako Guraso Elkarteak lan itzela egin dezakete umeek herrian bertan ikasteko duten eskubidearen alde, baina hain da gai garrantzitsua, herritar oro ahalegindu beharko litzatekeela, guztien arazoa delako. «Ezker abertzaleko kideok horretan gabiltza, lehen lur erreserba eginez, eta orain EA-PNVk erreserba ezabatu ondoren hura berreskuratzeko asmo tinkoan. Orduan bai, DBHrako eskaera Hezkuntza Sailari luzatzeko», azaldu dute.

Azkenean, hainbat atzerapen gainditu ondotik, Udalak iazko irailerako egin behar zuena aurtengorako egin duela adierazi dute. Kontatu dutenez, ez da batere erosoa izan honaino egindako bidea: 2004-2005 ikasturtean ikastolako gurasoak orain amaitu duten obraren beharra aldarrikatzen hasi ziren, eta ordutik «hitz emate ustelak» baizik ez ditu egin Udalak. Horregatik, zerbitzu batzuk eraikinetik kanpo eman behar izan dituzte: jangela kiroldegian egokitu dute eta bi gela barrakoietan, ordurako kanpoan ematen ziren zerbitzuez gain, musika, heziketa fisikoa...

Ezker abertzalearen ustez, ikastolako guraso elkartea izan da obra honen sustatzaile nagusia. Batzarrak egin ditu, sinadura bilketak, prentsaurrekoak, salaketak egunkarietan...

Elkarte honi, ikastolako Zuzendaritzari eta eraikitze lanetan aritu diren langileei zorionak eman dizkie. Hala ere, obra hau konponbidea baino adabakia dela ohartarazi du: «Ez ditu astigarragarron beharrak aseko epe laburrean; ezin da bizitza osoan bat-batekotasunean ibili». Ezker abertzalearen aburuz, lehenengo legealdiko udal gobernuak gauzak gaizki egin zituen, eta egungoak ere bai. «Biak EA-PNVk zuzendu ditu eta biek hezkuntzarako zegoen lur erreserba ezabatu dute», kritikatu du.

«Eta zerbitzuak zer?»

Udala Plan Orokorra onartzera doala eta bertan etxebizitzak baino ez direla ageri ohartarazi du. «Eta zerbitzuak zer?», galdetu du.

Gertatzen ari dena larria dela nabarmendu du, eta, gainera, «gure udal agintariak» ikastolarekiko «ganora eza» gezurrekin estali nahi izan dutela azaldu du. Udal aldizkarian argitaratu zen albiste bat jarri zuten adibide, «Ikastola gure etorkizuna eraikiz» izenburua zuena. «Ikastolako Zuzendaritzak, guraso elkarteak nahiz Udaleko Hezkuntza arduradunek eskaera egin diote Sailari ikastolak DBH eskaintzeko aukera izan dezan», zioen testuak. Guztia gezurra dela esan du ezker abertzaleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo