GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Uharteko Berdintasunak botako du gaur bestetako txupinazoa

Uharten duela 30 urte euskal kultura bultzatzeko beharra ikusi eta horretarako elkartea osatu zuten. Berdintasuna deitu zioten, euskal kulturarentzat horixe eskatzen baitzuten. Gaur, eurek hainbertze urtetan egindako lana aitortuz, besten hasierako txupinazoa botako dute, 12.00etan. Bestetarako rock kontzertua eta herri-kirolak antolatu dituzte, baina urte osoan jarduten dute lanean, gainerako elkarteei lagundu eta euskal kulturaren alde elkarlana bultzatuz.

p021_f02.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Duela 30 urte euskal kulturarentzat egoera ez zen ona Uharten, eta gazte talde batek herria «berreuskalduntzeko» konpromisoa hartu zuen. Hala sortu zen Berdintasuna elkartea, Uharten euskal kulturak izan duen garapenaren bultzatzailea. Izenak aldarrikatzen duen bezala, euskal kulturarekiko errespetua eskatzen dute, tratu bera izan dezala gainerako kulturekiko. Gaur hasiko diren «Anaitasun bestetan» suziria botatzea eskaini zaie, urte hauetan guztietan egindako lana eta gainerako taldeei eskainitako laguntzaren aitortu eta eskertuz. Isa Montoro, Txiski Castillo eta Esteban Oloriz izango dira gaurko txupinazoaren arduradunak. Euren egoitza erabili da herriko ekimen ezberdinak egiteko, eta Olentzero, Inauteriak, Uharteko Euskararen Eguna eta bestelako ekitaldiak antolatzen ditu. Berdintasuna elkartetik atera dira Uharteko sokatira taldea zein zanpantzarrena ere. Bestalde, ikastaroak egiten dituzte elkartearen egoitzan, tartean Uharteko txalaparta tailerra.

Iruñerrian gisa honetako lehen elkartea izan zen, ondotik sortu baitziren, besteak beste, Atarrabiako Etxe-Beltza edo Burlatako Axular eta Euskalerria peñak. Isa Montorok azaltzen duenez, asanblada bidez jarduten dute, eta elkartearen izaera ireki eta elkartasunezkoa nabarmentzen ditu. Kultura eta euskara alorrez gainera, lan kontuak eta politika gaiei ere arreta eskaintzen die elkarteak. Lan handia egin dela aitortzen du, eta herritar askok parte hartu duela euskal kultura indartzeko lanean. Urteko ekimenen artean Uharteko Euskararen Eguna aipagarria da. Berdintasunak abiarazi bazuen ere, egun beste talde batzuekin antolatzen dute, horien artean, Udalarekin. Hala ere, koordinazio lanetan berebizikoa da elkartearen garrantzia. Emandako aurrerapausoak ezagutarazteko, aipatzekoa da aurten jaialdi hori astebetekoa izan dela, lehen egun batekoa zelarik.

Egun euskal kultura Uharten bizirik eta indartsu dago, baina gogoratzekoa da horretarako pasa behar izan dituzten zailtasunak. Berdintasunak Udaleko kultura-batzordean parte hartu du urtez urte, eta salatzen duenez, eskuina udaleko buru izan zenean diru-laguntzak erretiratu eta batzordetik kanporatzeko arriskuan izan ziren. Zorionez, ez ziren kikildu, eta orain euren lanaren emaitzak gozatu ahal dituzte. Euren jarduerak indarrean segitzen du, urteetan izandako esperientziak emandako jakituriarekin laguntza eskainiz.

Rock, gaupasa eta herri kirolak

Rock kontzertua, lagun taldeen arteko herri-kirol txapelketa eta larunbaterako gaupasa antolatu dituzte. Kontzertua ostegunean izango da, elkartearen aparkalekuan, 19.30ean hasita, herriko Kañatxama eta Lubaki taldeekin, Motobomba iruindarrekin eta ZAPO lapurtarrekin. Herri-kirolak ostiralean izango dira, 19.00etatik aitzinera, Toki-Alai pilotalekuan.

gazteak

Berdintasuna elkartearen egoitzan egiten zituzten gazteek ekitaldiak, baina aurten txosnetara lekualdatu dira: Brindisaren ondotik bertso bazkaria egingo dute Jokin Uranga, Fredi Paia eta Xabier Silveirarekin, eta gauean Skatu eta Suntsiketa arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo