Eskualde osoa Boliviaren alde
Aurreikusita zegoen eta hala gertatu da. Latinoamerikan gertatzen ari den aldaketa politiko sakonean Bolivia da katebegirik ahulena eta, aldaketa hori eten nahi dutenentzat, bertan dago ezegonkortasuna sustatzeko aukerarik errazena. Orain arte kontinentearen etorkizuna beren mesedetan gidatu duten oligarkien eta tiranien ordez herritarren interesak lehenesten ari dira, bakoitza bere erara, Venezuelako, Boliviako, Ekuadorreko, Brasilgo eta Argentinako gobernuak, besteak beste. Aurreko agintarien eta hauen ordezkarien pribilegioekin amaitu nahi dute gobernuok eta sistema hori sustatu zuten Amerikako Estatu Batuek beldurrez begiratzen diote han ireki den ikuspegi politiko berriari. Ondorioz, beren esku dagoen guztia egingo dute eraldaketa politiko hori oztopatzeko.
Bolivian piztu den biolentzian kanpoko faktoreek garrantzi itzela dute. Ez dira elementu bakarra, baina krisi jakin hau eragin duten baldintzen artean nagusienak dira. Evo Moralesen gobernuak kanporatu duen arte AEBetako enbaxadorea zen Philip Goldberg-en historiak, adibidez, ez du zalantzarako tarterik uzten: Kolonbian eta Kosovon AEBetako administrazioaren interesak babestu ondoren, Boliviara joateko izendatu zuten. Goldberg-ek, egoitza La Paz hiriburuan ezarri ordez, Moralesen gobernuaren aurka lanean ari den oposizioaren hiriburuan, Santa Cruzen, ezarri zuen. Estatubatuarrentzat «diplomazia» hitzak duen esanahiaren adierazgarria, edonondik begiratuta ere.
Nolanahi ere, biolentziaren helburuetako bat kolpe latzago bati begira Boliviako Gobernuaren indarra neurtzea bazen, krisia bultzatu dutenek eskualdeko agintari guztiek Moralesi eman dioten babesa kontuan hartu beharko lukete. Izan ere, Castrok eta Chavezek ez ezik, Lulak eta Fernandezek erabateko babesa adierazi diote La Paz-i. Historiari erreparatuz gero, duela gutxi arte Tarijako opositoreek Argentinako agintarien babesa izango lukete eta Santa Cruzekoek Brasilgoa. Baina Kuba ez da, honezkero, irla soil bat Latinoamerikan.