GARA > Idatzia > > Mundua

Hamabi hildako gutxienez ustez AEBek Pakistanen egindako beste eraso batean

Ustez Afganistanetik Pakistanera abiatutako AEBetako piloturik gabeko hegazkin batek atzo Ipar Waziristan eskualdean egindako erasoak gutxienez hamabi hildako eragin zituen. Bezperan, eraso militarrak ugarituko zituela mehatxu egin zuen Washingtonek.

GARA |

Piloturik gabeko hegazkin batek jaurtitako misilek etxe bat suntsitu eta gutxienez hamabi pertsona hil zituzten -emakume eta umeak tartean, lekukoen arabera- eta beste hamar zauritu zituzten. Segurtasuneko funtzionarioek erasoaren helburua talibanen kanpamentua zela eta hildako guztiak borrokalari islamiarrak zirela ziurtatu zuten.

AEBek maiz bonbardatu dute Pakistango ipar-mendebaldea Al Qaeda eta talibanak desagerraraztea aitzakia hartuta, baina atzokoa itxuraz Washingtonen eta «terrorismoaren aurkako gerran» bere aliatua den Islamabaden arteko tentsioa handitu denean gertatu da. Bezperan, Afganistango mugan dauden Pakistango eskualdeetan egiten dituen eraso militarrak ugarituko zituela iragarri zuten AEBek, horren aurrean Islamabadek kontrako jarrera agertu zuen. Ustez, uztailean AEBeko presidenteak, George W. Bush-ek, Islamabaden onespenik gabe Pakistani eraso egiteko baimena eman zuen.

AEBeko Armadako Estatu Nagusiko buru Michael Mullen almiranteak mugaren alde biak kontuan hartzen dituen estrategia militar berri bat eskatu zuen, eta Pakistango bere kide Ashfaq Kayanik bere armadak ez duela tropa atzerritarren erasorik onartuko erantzun zuen.

Baina publikoki nabarmendutako desberdintasunen gainetik, duela bi aste USS Abraham Lincoln hegazkin-ontzian bildu ziren biak Pakistanetik Afganistanera sartutako matxinatuez mintzatzeko eta Al Qaedaren entrenamendu-esparruen kokalekuak zehazteko. Aste bat geroago, AEBeko hegazkinek bi eraso burutu zituzten Ipar Waziristanen Pakistango Gobernuaren baimenarekin, eta hilaren 7an etxe bat eta madrasa baten aurkako beste bat. Eraso hauek Pakistango presidente berria den Asif Ali Zardariren politikaren aro berriaren iragarpena ziren.

40 taliban

Ustezko berrogei taliban gutxienez hil ziren atzo Pakistango segurtasun indarrekin Afganistango mugatik hurbil dagoen eskualde batean izandako borrokaldietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo