GARA > Idatzia > Kirolak > Eskubaloia

Liga hasiera

Era guztietako helburuak eliteko bost taldeentzat

Portland San Antoniok eta Arratek batetik, eta Akaba Bera Berak, Itxakok eta Zuazo Barakaldok bestetik, denboraldi berriari ekingo diote gaurtik aurrera.

p038_f01_097x064.jpg

A.U.L. | EIBAR

Urtaro aldaketarekin batera, lehiaketaren lekukoa kirol batzuetatik besteetara pasatzen da. Eskubaloiari gaur egokitzen zaio berea jasotzea, txapelketa nagusien hasierarekin.

Bost ordezkari izango ditu Euskal Herrian Asobal Ligan eta Superliga ABFn, helburu desberdinekin.

Gizonezkoei dagokienez, Portland San Antonio eta Arrate mantentzen dira elitean. Nafarrek berritutako talde eta animoekin ekingo diote txapelketa berriari. Chechu Villaldea zuzendari duela, talde iruindarrak txapela guztien borrokan aritzea espero du oraingoan, iazko emaitza kaskarrak ahaztuta. Proiektu berriaren lehen azterketa etxean izango du gaur bertan, Pilotes Posadaren aurka. Zaleek fitxaketen -zazpi guztira: Malmagro, Carlos Ruesga, Santi Urdiales, Masachs, Jakobsen, Nikcevic eta Sari- ekarpena zuzenean ikusteko aukera izango dute, beraz.

Arratek, berriz, Logroñon emango dio hasiera denboraldiari. Eibartarrek entrenatzaile berria dute, Julian Rubio, baina iaz aurreneko aldiz Europan jokatzeko txartela lortu zuen taldearen oinarria mantendu du. Beljanski, Serrano eta Marc Garcia etorri berrien laguntzarekin, EHF Kopan eta Asobalen batera lehiatzearen pisua gehiegi ez nabaritzea espero dute zuri-urdinek. Hori lortuz gero, eta mailara heldu zenetik eraman duen etengabeko progresioari jarraituz, iazko zazpigarren postua errepikatzea edota hobetzea bilatuko du talde eibartarrak.

Estreinaldia

Emakumezkoei dagokienez, berriak onak dira hasiera-hasieratik, beste talde euskaldun bat arituko baita Superliga ABFn. Igoera lortu ondoren, Barakaldo Zuazok, Akaba Bera Bera eta Itxakorekin batera lehiatuko da aurten, beren helburuak desberdinak izango diren arren.

Bizkaitarren kasuan, mantentzea sari ederra izango litzateke. Juan Carlos Solerrek zuzenduta, zortzi jokalari fitxatu ditu Barakaldok asmo horrekin.

Hiru dira, berriz, Akabaren jokalari berriak. Iaz sekulako denboraldia -Superkopa, bosgarren postua ligan, EHFko finalerdia, Kopako finala...- egin zuen taldearen oinarriarekin batera, «aurrera jarraitzea eta, gutxienez, bosgarren postu hori gainditzea» espero du Reyes Carrere entrenatzaileak.

Zer esanik ez Itxakoren kasuan. Bi txapelen atarian geratu zen iaz -bigarren postuan amaitu zuen ligan eta EHFn- eta sekulako lorpena izan arren, garaipenaren zaporea dastatzeko beharra geratu zitzaion. Zailagoa izango dute aurten, nazioarteko txapelketari dagokionez, izan ere, Txapeldunen Ligan parte hartuko du lehendabiziko aldiz, Europako talde onenekin batera.

Oraingoz, Madrilen dauka lehen hitzordua, ligan, Alcobendasen aurka. Akabak eta Barakaldok, berriz, Bidebietan jokatuko duten derbiarekin emango diote hasiera denboraldiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo