GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

Emakumezkoen I. Kontxako Bandera

Sailkapena lortzea da lau euskal ontzien helburua

Galiziako selekzioa eta Astillero dira arraunlari gehienen ustez bandera irabazteko faborito nagusiak, baina euskaldunek ere badute zer esana.

p042_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Kontxako bigarren asteburua gaur arratsaldean hasiko da Emakumezkoen I. Banderarako sailkatze estropadarekin (18.00). Historian lehen aldiz, zortzi traineruk egingo dute arraun Donostiako badian ohorezko txandan sartzeko helburuarekin. Bandera, gaurko lau ontzi onenen artean jokatuko da, bihar, 11.00etan hasita.

Arkote, Hondarribia, Tolosaldea, Zumaia-Getaria, Astillero, Galiziako selekzioa, Badalona eta Colera izango dira aurreneko ekitaldi honetan parte hartuko duten zortzi traineruak. Lehen aldia izateko, kopurua ez dago batere gaizki eta deigarria da Kataluniako bi ontzi ere Donostian izatea. Itsasoaren egoera ikusita, ez da erraza izango Mediterraneoan ohitutako neskentzat trainerua gobernatzea.

Euskaldunen artean lau aurrekari izan ditugu aurten: Bizkaiko eta Gipuzkoako selekzioek Zaragozan jokatutako desafioa, Gipuzkoako Txapelketa Donostian, Euskadikoa Lekeition eta Hondarribian orain dela bi aste jokatutako Txingudiko Ikurrina. Azken hitzordu horretan Hondarribiak erakustaldia eman zuen. Hamabi segundo atera zizkion Zumaia-Getariari, Gipuzkoako txapeldunari, eta 41 Arkoteri. Euskadiko Txapelketa ere Hondarribiak irabazi zuen, baina Urola Kostako ontziarekin lehia askoz ere estuagoa izan zuen bukaerara arte.

Baina Kontxako kasuan gauzak dezente aldatzen dira, Galiziatik eta Kantabriatik datozen taldeek oso maila ona eman dezaketelako. Galiziarrek Espainiako Trainerilla Txapelketan aurreneko hiru postuetan amaitu zuten taldeekin -Cabo da Cruz, Meira eta Chapela- selekzio bat egin dute eta arraunlari gehienen ustez, beraiek dira bandera aurten irabazteko faborito nagusiak.

Astillero ere ohorezko txandan sartzeko faboritoen artean sartu behar da. Adibide bat baino ez, Victoria Piñeiro patroia gizonezkoen lehen traineruarekin aritzekoa zen aurtengo denboraldian, baina azkenean debekatu egin zioten.

Bandera irabazten duenak 6.200 euro jasoko ditu, bigarrenak 4.000 eta hirugarrenak 3.200. Traineruek mila eta erdiko lana izango dute, gizonezkoen erdia, ziaboga bakarrarekin. Trapua Itziar Alduntzi donostiarrak josi du urtero bezala, eta irabazleak uretan jasoko du igandeko estropada amaitu bezain laster.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo