GARA > Idatzia > > Kultura

Koldo Zuazo: «Euskara berdintzen ari da, eta hori nabarmena da batez ere Ipar Euskal Herrian»

Euskalkiak asko aldatu dira azken berrogei urteetan. Izaera dinamiko hori kontuan hartuz, Koldo Zuazok gaurko dialektoen argazki bat egin du «Euskalkiak. Euskararen dialektoak» liburua berrian.

p046_f01_148x104.jpg

Karolina ALMAGIA | BILBO

«Euskalkiak. Euskararen dialektoak» liburua orain 2003an egile berak idatzi zuen «Euskalkiak, herriaren lekukoak» lanaren jarraipena da.

Honetan, EHUko irakaslea den Koldo Zuazok (Eibar, 1956) XXI. mendeko euskalkien egoeraren argazki bat egin du. Mendebaleko euskara, erdialdekoa, nafarra, nafar-lapurtarra eta zuberotarra, bost dira gaur egungo euskaran bizirik dauden dialektoak; horien baitan hamaika azpidialekto bereizi ditu egileak, eta tarteko hainbat hizkera. Guztien berri ematen du bere liburuan, hiztegi, ahoskera eta morfologiazko ezaugarri nagusiak zehaztuz. Horrekin batera, liburuak mapa-poster bat dakar, hizkuntzaren geografia ezagutzeko. Hau guztia hogei urteko lanaren emaitza da.

Aldaketa handia

«1960-70 aldera eten nabarmena gertatu zen euskararen ibilbidean. Ikastola, gau-eskolak eta euskara batua sortu ziren eta harrezkero ikaragarri aldatu da euskara», gogoratu du irakasleak. Horrekin batera, Zuazok berak erabiltzen zuen metodologia ere aldatu da. «Orain arte, euskalkiak aztertzeko beti herriko zaharrengana joaten ginen. Baina ni konturatu nintzen hori eginez gero, ez nuela euskalkien benetako argazkia lortuko». Euskara batuaren eragina nabarmena da euskalkietan eta hori aztertu du Zuazok. Adibide hau jartzen du: «Batuaren eraginez, Gipuzkoako zenbait esamolde indartu egin dira, modan jarri dira; eta aldiz, Gipuzkoakoak ez diren beste zenbait esamolde galtzen ari dira». Hori da liburu honetako nobedade bat.

Beste konklusio bat da euskalkiak asko ari direla berdintzen. «Bonapartek XIX. mende erdian azterketa bat egin zuen, eta esan zuen zortzi dialekto eta hogeita bost azpieuskalki zeudela. Gaur egun, nik bost dialekto bakarrik eta hamaika azpidialekto bereizten ditut». Eta berdintze hori batez ere Ipar Euskal Herrian gertatu da. Zuazok ondo daki hori, lurralde horretan eman baititu urte batzuk hizkera aztertzen. «Euskara asko galdu da Ipar Euskal Herrian, baina euskarari eusten diotenek harreman handia dute elkarrekin. Eta batua egokitu dute euren hizkerara, arrakasta handiz, eta horretan irratiek garrantzi handia izan dute. Nik ikusi dudanez, Lapurdin eta Nafarroa Beherean 40 urtetik beherako jendeak berdintsu hitz egiten du».

Dena den, horrek guztiak ez du esan nahi euskalkiak desagertzear daudenik. «Beti esaten da hizkuntza bat bizirik dirauen bitartean dialektoak sortu egiten direla. Indar bi daude: batak bateratu egiten du hizkuntza eta besteak era berriak sortzen ditu. Edozein herritan ikusten duzu orain gazteek beste modu batean hitz egiten dutelako, batua eta erdararen eraginagatik. Hori, berez, ez da txarra. Baina kaltegarria da hitz eta egitura batzuk desagertzea».

Amerikakoa

Koldo Zuazok Amerikako euskara ere ikertu du. «Batetik, euskara garbiena da, han egiten da hemen lehen egiten zen euskara. Antzinako euskara entzuten ari zaren inpresioa duzu. Hori bai, ingelesaren eraginarekin».

Bere liburuan, Zuazok adibide ugari jartzen ditu eta 25 mapa sartu ditu. «Lan handia eman dit, baina gauzak argitzeko beharrezkoa zen». Bestalde, Arabako euskararen eta Ekialdeko nafarreraren atalak desagertu egin dira liburu berrian. «Gaur egun egiten den euskarari eman diot lehentasuna», esan du egileak.

Ficha

Titulua: «Euskalkiak. Euskararen dialektoak».

Egilea: Koldo Zuazo

Generoa: Saiakera

Argitaletxea: Elkar

Salneurria: 21 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo