GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Goian jarraitzeko beste aukera bat du Avironek

 

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek eta Biarritzek sailkapenaren goialdean jarraitzeko aukera izango dute, baina horretarako beren norgehiagokak irabazi beharko dituzte. Zuri-gorriek etxean jokatuko dute Briveren aurka, 20.30etik aitzina, eta zuri-urdinek Katalunian jokatuko dute, Perpinyaren zelaian, 14.30etik aurrera.

Zuri-urdinen liga hasiera txapela kentzeko modukoa izan da, jokatutako partida guztiak irabazi egin baitituzte, eta horrek bigarren postuan jarri ditu, lehen postuan dagoen Stade Françaisetik puntu batera. Bi talde hauek dira jokatutako hiru partida irabazi dituzten bakarrak, baina Pariseko taldeak Baionakoek baino puntu gehigarri bat gehiago lortu dute, eta alde horixe agertzen da sailkapenean.

Gaurko partida, ordea, oso zaila izango da. Perpinya urtero liga irabazteko faboritoen artean egoten da, eta azken urte hauetan irabazi ez badu ere, gehienetan sartu da finalerdietan. Beraz, aurtengo lehen helburua ere horixe izango du, ligako finalerdietan izatea, alegia.

Lapurtarrak galtzeko ezer ez dutela joango dira Kataluniara. Punturen bat lortzea ere ez litzateke batere emaitza txarra izango, baina euskaldunek garbi utzi dute, bolada onari eutsi eta lau puntuak nahi dituztela.

Honako jokalari hauek joan dira Perpinyara: Igiñiz, Lafond, Roumieu, Hegi, Avril, Bloke, Tehata, Bergez, Lafitte, Springay, Martin, Marmouyet, Massabeau, Baget, Garcia, Larretxea, Maillard, Lacroix, Iñigo, Gower, Lhande, Fall eta Bolavucu.

Biarritzek, aldiz, joan den igandean galdu zuen denboraldiko lehen partida Tolosan, baina horrek ez ditu kikildu, azken bi urteekin kon paratuta, aurten denboraldiari oso hasiera ona eman baitiote. Bihar etxean Brive hartuko dute, eta zuri-gorriek ezin dute hutsik egin, sailkapeneko goialdean jarraitu ahal izateko.

Orain arte etxean jokatutako bi partidetan ez dute punturik galdu, eta hori garrantzitsua izango da zuri-gorrientzat. Gaur zelairatuko duen hamabostekoa, honako hau izango da: Coetzee, August, Bourrust, Thion, Roidot, Lauret, Lund, Cronje, Yachvili, Courrent, Gobelet, Traille, Cabannes, Ngwenya eta Brusque. Aulkian, berriz, Denoyele, Moala, Damiani, Som, Cibray, MSsi, Bidabe eta Marcello geratuko dira.

Ordizia

Ohorezko Mailan, liga datorren asteburuan hasiko da, baina Europako Txapelketak direla-eta, Ordiziak asteburu honetan hasiko du, aurreratutako neurketa jokatuko baitu El Salvadorren aurka, iazko txapeldunaren aurka alegia.

Bihar, 12.00etatik aurrera jokatuko da partida Trevijanoko zelaian. Gipuzkoarrek taldea indartu dute, baina baita egungo txapeldunek ere, eta beraiek dira liga irabazteko faborito nagusiak. Hasteko, beraz, aurkari gogorra izango du Axio Arañak zuzentzen duen taldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo